Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Infernuko ateak irekitzeko erak

Bada nork bere propaganda sinetsita baino errakuntza ikaragarriagoak egiteko modu bat: infernuko ateak zabaldu eta kalteak besteek bakarrik nozitu behar dituztela uste izatea

Radoslaw Sikorski Poloniako Kanpo Arazoetako ministroak eman du Ukrainako krisiaz hausnartzeko irizpide bat, eta ohikoa baino eskarmentu handixeagoko gizona denez, aintzakotzat hartu behar litzateke: «Neure beldurrik handiena da Errusiako agintariek beren propaganda sinetsi eta infernuko ateak irekiko lituzketen hutsegiteak egin ditzaketela».

Zuhurra da, bai, aburua: kalkulu okerrak izaten dira gerra gehienen pizgailu edo suspertzaile nagusiak. Eta nork bere propaganda sinestea da okerrak egiteko modurik zuzenena. Badu Errusiak gaur egun bere propaganda sinetsi eta errakuntza larriak egiteko arriskua. Adibidez, Kieven, botereaz jabetu direnen artean, faxistak eta gaizkileak soilik daudela deliberatzea. Edota Ukrainan errusieraz mintzatzen diren guztiak ezbairik gabe eta edozein kasutan bere alde ipiniko direla pentsatzea. Edota Krimean bere aginpidea indarrez ezartzeagatik Mendebaldeak ezar diezazkiokeen zigorrak haizeak eramango dituela uste izatea. Edo gasaren hornidura kontrolatzeak ahalguztidun egiten duela iriztea. Edo...

Hala eta guztiz ere, gure artean aditzera eman nahi izan denaren kontra, nire irudipena da kalkulu asko eta prestamen luzeen ondoren abiarazi duela Putinek Krimea osoa okupatzeko operazio hori. Tiro bakarra ere bota gabe burutu beharreko eginbeharra balitz bezala ari dira jokatzen errusiar soldadu gaztetxo horiek, orain arte. Eta ia aurrekaririk gabea den jokamolde hori ez da kasualitatezkoa, guztiz deliberatua, planifikatua eta ordenatua baizik. Hori bai, armadunen artean edozein unetan alda daitezke otzantasun aurreikuspenak...

Ukrainako krisian nork bere propaganda sinetsi eta hanka-sartze larregiak egiteko arriskua duen bakarra ez da Putin, ordea. Hain zuzen, Europar Batasuneko hainbat kidek, eta AEBetako zenbait goi-arduradunek, beraiek asmatutako propaganda sinetsiz iragan udazkenaz geroztik hutsegite potoloak egin dituztela ebatzi beharko litzateke... baldin eta iritsi garen lekura iritsi nahi ez bazuten. Esate baterako, Kieveko agintariek Europar Batasunean sartzeko edozein ataka onartu beharko zutela sinetsita, «negoziatzen» aritu zirenean. Edota akordio hura pikutara joan zenean Maidan-en bildutakoen matxinada demokrazia-zale petoen kontua, eta ez hauteskundeak irabaztetik urruti geratu ziren estremista nabarmenen ekimena zela pentsatzea nahiago izan zutenean. Edo...

Bada, haatik, nork bere propaganda sinetsita baino errakuntza ikaragarriagoak egiteko modu bat: infernuko ateak zabaldu eta kalteak besteek bakarrik nozitu behar dituztela uste izatea. Hau da, suarekin jolasean aritu eta besteak bakarrik kiskaliko direla sinestea. Ifrentzua, aurkarien txanponean bakarrik dagoela eta, beraz, norberak zer galdurik ez duela inoiz pentsatuz, sutegiko ataka zabaltzen gogotik aritzea.

Eta Radoslaw Sikorski iragan hilabete hauetan horrelako zerbait egiten aritu dela iruditzen zait, Maidaneko elementurik higuingarrienen eskutik. NATO eta Errusia aurrez aurreko gatazkara bultzatuta, Poloniak irabazkina besterik ez balu bezala. Eskarmenturik ez balute bezala.