AITZIBER PZ. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Emmanuelen bidaia

Faithek gaur du urtebetze eguna. 32 urte bete ditu eta bere semeak urtero ematen zion musuaren falta sumatu du. Orain 17 urte Emmanuel jaio zeneko unea gogoratu du. Mina besterik ez zuen sentitu hura jaio zenean, haurdun geratu zeneko unean sentitu zuen bezala, mina besterik ez. Baina bortxaz sortutako haurra izan bazen ere, ez zitzaion kostatu hura edozeren gainetik maitatzea.

Faithek txikitatik jakin zuen bera jaiotako herrialdean hori zegokiola eta patuaren logikan kokatu zuen bere bortxaketa.

Baina Faithek argi zeukan bere semeari zegokion patua ez zuela onartuko eta bere hutsuneak zauri sendaezina eragin badio ere, berak esan zion Emmanueli ihes egiteko, etorkizun bila joateko. Hemen ez da bere semearentzako lekurik. Nigerian ez dago gizonezkoak maite dituzten mutilentzako tokirik, heriotz zigorra besterik ez.

Hilabeteak dira Emmanuelek bidaiari ekin zionetik eta bere destinura iristear egongo dela pentsatzen du bere amak. Destinua aldatzeko aukera emango dion helmugara iritsiko da aurki bere semea.

Faithek mendebalderantz begiratzen du. Bere barrena astindu duten kolpe batzuk sentitu ditu bote-prontoan, gorputzaren kontra pilotakadak jaurti izan balizkiote bezala. Garrantzia kendu dio, bere barrenean itxaropentsu dagoelako; gutun baten esperoan edo bere semearen berri emango dion zerbaiten zain. Inork ez dio esan ez duela inoiz gutunik jasoko, ez duela sekula bere semearen berririk jasoko; bere semea hil delako, hil dutelako eta mendebaldean, Europan, bere semea bezalako hildakoek ez dutelako amarik, ez dutelako izenik, ezer ez diren hildakoak direlako.