Xabier Izaga
Kazetaria
TXOKOTIK

Bortxa eta helburuak

PSNren jarrera eskasa izan da aspalditik, aspaldi handitik. PSE zenetik. Aste honetan erakutsi duena, berriz, are eskasagoa. Ez nuen espero gertatutakoa. Eguzki-erregeak ikerketa batzordea eskatu eta «alde egiten ez badu, bota egingo dugu» hura esan zuenean, ez nuen inondik ere espero gertatuko zena. Baina hurrengo egunean bertan, Madrilgo zenbait ahots entzunda, hitza beteko ez zuten susmoa baino gehiago egin zitzaidan. Eta, ez dut ukatuko, PSNk bere ohiko jarrera eskasari eustea nahiago nuen. Ez dakit nahikoa izango den, edo zenbat meritu gehiago egin behar dituzten UPN-PP eta PSNk gobernua osatzeko aukerarik ez izateko, baina bat nator Ramon Solaren analisiarekin: aldaketa hurbilago dago. Ez dut guztiz argi ikusten, baina egia da orain artean baino askoz zailagoa izango dela bi edo hiru indar horien itun ziur batek gobernua eskuratzeko adina boto jasotzea.

Barregarria iruditzen zaio Solari Nafarroako aldaketarako oztopoa EH Bildu dela sinetsarazteko ahalegina. Eta hala da, batez ere nafarrei hala ikusarazi nahi dietelako... Madrildik. Bakarren batek sinetsiko du, arrazoia ez baita fedearen osagai.

Baina EH Bildu norberaren jarrera eskasa zuritzeko makulu gisa erabiltzeko ahalegina ez da PSOE edo UPNren ohitura esklusiboa. Urrunera gabe, ahalegin berdintsua egin dute asteon Bilboko Udalean, astelehenean gertatutako istiluak gaitzesteko adierazpena ez sinatzeak Bildu haien erantzule bihurtuko balu bezala. EAJ, PSE eta PPk ez zuten Guggenheimeko goi-bilera gaitzetsi, ordea, Bilbon eta beste leku askotan urte osoan gertatzen diren antzeko istiluak baino kaltegarria izanda ere. Eurek bide dakite zergatik, eta nik ere bai; nolanahi ere, ez dute zertan gaitzetsi, eta are gutxiago besteren gaitzespena eskatu. Alabaina, okerrago, ongi etorria egin zieten milioika lagunen miseriaren erantzuleei.

Beren gaitzespen adierazpenean, esan zuten ez dagoela «indarkeria justifikatzen duen helburu politiko, ekonomiko edo sozialik». Ezetz? Gaur egungo gertaera eta egoera bakan batzuk baino ez aipatzearren, torturak, etorkinekiko jokaera... edo Troika txalotuaren politiken ondorioak justifikatzen dituzten helburuak, hain zuzen. Eta horiek ere zuritzerik ez baldin badago, Udal horrek zergatik ez ditu sekula gaitzetsi?