Jaime VALVERDE
KRITIKA antzerkia

Historiaren istorioak

Suposatzen da historia dela iraganeko kontuak ezagutzeko bide egokiena, jatorriaren testigantza ematen edo atzoko kontuak gogorarazten dizkigun iturri gorena. Haatik, iraganak orainaldian eragiteko duen boterea dela-eta, historia ez da bakarrik garai bateko guden gordailua; bere horretan, guda eremua ere bada historia, irakurketa desberdinen arteko tirabirak gauzatzen diren bataila-zelai intelektuala. Hori gutxik jakingo dute nafarrek baino hobeto.

Bataila-zelai horretan gertatzen direnek kitzikaturik agian, Iruñeko Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak Nafarroaren historian seguruenez gehien eztabaidaturiko pasarteak hartu ditu hizpide obra honetan; alegia, 1512ko Nafarroaren konkista eta 1936ko Gerra Zibila. Eta bataila-zelai horretan gertatzen direnez nazkaturik agian, Ortzadarrekoek erabaki dute makroari muzin egin eta mikroari garrantzi osoa ematea. Erabateko irakurketa aldarrikatu ordez, txikiaren kontaketari ekin diote obran; gertakari zehatzen pisua alde batera utzi, eta sinbolismoaren mehetasunean barneratu.

Dantza, musika eta kantuaren bidez tarte historiko horien azpian ezkutaturik-edo geratu diren testigantzen berri ematen dute. Koreografia soila eta xumea da, ezbeharrak zapuztu zuen herritar haien bizimodua bezalakoa. Zenbait koadro eszenografiko paratuz adierazten dute gerlek eta ondorengo errepresioek jende xehearengan utzitako arrasto latza. Berariaz sortutako testu poetikoak garai haietako lagunek utzitako lekukotasun hunkigarriekin tartekatzen dira. Kantu saioen lirikotasunak erabat harrapatzen du publikoa. Guztiaren buruan, baina, ez dago oinazearen intziria, baizik eta biziraupenaren konstatazioa, itxaropenaren aldarria.

Suposatzen da historia bakarra eta egiazkoa dela definizioz, eta istorioak, berriz, anitzak eta zalantzazkoak. Haatik, historiarik zintzoenak ere, bere orokortasun asmoan, partikular guztiak uzten ditu aintzat hartu gabe. Hain zuzen ere, historiak kontatu ez dituen istorio txiki horiek kontatzeko ardura da «...librea ninçana» lanaren meriturik handiena, ene ustez.