Oteiza museoa zuri-beltzean eta Artium espazio balioaniztun bezala ikusteko gonbidapena

Zuri-beltzean egindako Manuel Calvoren pinturak ikusi ahal izango dira Oteiza museoan ekainera arte. Artiumen, berriz, museoko erakusketa aretoaren gainean hausnartzera gonbidatzen ditu ikusleak Juan Lopezek.

Altzuzako Oteiza museoak eta Gasteizko Artium arte garaikideko museoak denboraldiko erakusketa berriak aurkeztu zituzten atzo. Nafar museoko erakusketa ekainaren 1era arte izango da zabalik eta Manuel Calvoren 34 pintura biltzen ditu, horietako batzuk ezezagunak.

Irailetik urrira Madrilgo arte galeria baten ikusgai izango den Calvoren bildumak artistaren ibilbidearen lehen zatia biltzen du, alegia, 1958 eta 1964 artean egindako lanak dira. 60ko hamarkadako joera nagusiekin hautsiz, konkretismoarekin lotutako arte geometrikoa jorratu zuen urte horietan Calvok. Estatuko arte panoraman gailentzen zen informaltasunari aurre egin eta XX. mende hasierako Europako abangoardia geometrikoekin bat egiten zuen Calvok. Pentsamendu abstraktutik sortutako lanak dira ikusgai daudenak, guztiak ere zuri-beltzean margotuak. Gehienak pintura akrilikoarekin eginda daude, euskarri desberdinak erabiliz, adibidez mihiseak edo kartoi meheak.

Oteiza museoko erakusketa okasio honetarako espresuki prestatutako argitalpen monografiko batekin osatzen da. «El silencio. La pintura en blanco y negro de Manuel Calvo» lana artistak berak diseinatu du eta hainbat testu biltzen ditu. Testu horietan, bere lanak beste artista batzuek egindakoekin alderatzen ditu Calvok.

Sorkuntza prozesua begi bistan

Gasteizko Artium museoak, bere aldetik, Juan Lopez artista garaikidearen aldeko apustua egin du. «Por fuera» erakusketak museoko erakusketa aretoaren inguruan hausnartzeko gonbidapena egiten du. Izan ere, ikusleari erakusketa aretoaren gaineko ikuspuntua aldatzeko eskatzen zaio, galdera zuzena eginez: zer beste erabilpen izan ditzake areto honek?

Proposamena Artium museoko Praxis programaren parte da. Helburua inprobisazioa sustatzea eta artistak paper aktiboagoa izatea da. Horregatik, erakusketak hasiera-hasieratik zabaltzen dituzte publikora, ikusleek sorkuntza prozesu osoa gertutik ikusi ahal izateko.

«Por fuera» erakusketa maiatzak 4ra arte izango da zabalik. Bertan, Juan Lopezek espazioa eraldatzeko proposamenak egiten ditu. Espazioaren mugak zehazteko borobil bat marraztu du lurrean, adierazteko badagoela «kanpoaldea eta barnealdea». Borobil hori motor baten gurpilarekin egin zuen, «giroa benetan molda daitekeen seinale». Pieza horren alboan bideo bat dago borobila nola egin zuen erakusteko. Denbora pasatu ahala pieza gehiago sortzen joango dira.