Arantxa MANTEROLA

Trantsizio Energetikorako Ituna sinatu dute 43 herritako 81 hautes-zerrendak

Bizi! mugimenduak bultzatutako proposamena ontzat eman dute Ipar Euskal Herriko 81 hautagaitzak. 43 herriei badagozkie ere, biztanleriaren %91 barnebiltzen dute. Garraioan, hirigintzan, energia eta uraren kontsumoan eta hondakinen inguruan konpromiso zehatzak hartu dituzte.

Ingurumenaren arloan eta, zehazki, energiaren kontsumoan egiazko trantsizioa egiteko zenbait neurri proposatuz Bizi! mugimenduak plazaratutako Trantsizio Energetikorako Ituna ontzat eman dute datozen udal hauteskundeetan aurkeztuko diren hautagaitza nagusienek.

Gehienek herenegun Uztaritzen egindako gaualdian ofizialki izenpetu zuten Ituna. Hala, sinadura horren bidez hainbat alorretan beren engaiamendua azaleratu dute publikoki. Hiriak hedatzeko aurreikuspenak, energia eta uraren kontsumoak, hirigintza, hondakinen kudeaketa edota garraio mota bezalako gaiei buruz erabakiak hartzerakoan kontuan izan beharko dituzte hartutako engaiamenduak, eta, horrenbestez, mugimenduaren «tresna-kutxan» planteatutako neurriak aplikatu beharko dituzte.

Hamabi arlotan 50 ekintza planteatu ditu klimaren aldaketari aurre egiten diharduen Bizi! mugimenduak. Hautagaitza guztiek ez dituzte neurri guztiak onartu, bakoitzak aukeratu baitu zeintzuk bere egiteko eta betetzeko prest dagoen.

Jarraipen batzordea

Hori bai, Bizi! mugimenduak garbi adierazi du hauteskunde ostean jarraipena egingo duela hautatuak izan direnek hartutako konpromisoak betetzen dituzten ziurtatzeko. Helburu horrekin batzorde berezi bat osatuko du. Jarraipen talde horretan norbaitek parte hartu nahi balu, beraiekin harremanetan jartzeko gomita egin dute.

Hautagaiek martxoaren 15eko gauerdira arte izango dute Itunarekin bat egiteko aukera. Hurrengo egunean, hau da, hauteskundeen lehen itzulia baino astebete lehenago, bere web orriaren bidez jakinaraziko du Bizi! mugimenduak herriz herri nork izenpetu duen ituna. Hartutako engaiamendu zehatzak ere azalduko ditu.

Talde ekologistak oso positibotzat jo du Trantsizio Energetikorako Itunaren inguruan lortutako atxikimendua. Guztira, 43 herritako 81 kandidaturak hartu dituzte konpromisoak hein batean edo bestean. Hautagaitza horiek Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %91 barnebiltzen dute.