Jon LEUNDA
Aizkora | Apustua

Benetako iraupen proba izango da Donezteben

Vicenteren eta Saralegiren aurka neurtuko dira Etxeberria eta Larretxea. Hogei kana-erdiko eta hamar 60 ontzako erdibitu beharko dituzte txanda librean.

Aizkora apustu bat jokatu zen pasa den igandean Tolosan, eta bihar beste bat jokatuko da, baina oraingoan Donezteben. Bertako pilotalekuan, 12.00etan hasita, Felix Etxeberria eta Oihan Larretxea txanda librean neurtuko dira Daniel Vicente eta Ruben Saralegirekin.

Bikote bakoitzak hogei kana-erdiko eta hamar 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatzen ditu dirutan. Desafio honek ere sekulako ikusmina piztu du. Bikoteak, gainera, oso orekatuak dira, bakoitzean beterano bat eta gazte bat egongo baitira.

«Egia esan, prestakuntzaren aldetik primeran joan zaigu orain arte, baina azkeneko aste honetan gripe apur bat izan dut, eta horrek apur bat izorratu nau. Hala ere, ez dut uste igandean arazorik izango denik. Oihan ongi dago. Hark hasieran izan zuen gaixoaldi txiki bat, baina orain oso ongi dago», esan zuen Felix Etxeberriak.

«Gure aldetik ez dago inongo arazorik. Prestakuntza oso ona egin dugu, eta primeran iritsi gara apustura. Ez dugu izan lesio txiki bat bera ere, eta gaixotasunik ere ez. Dena primeran doakigu orain arte», esan zuen, berriz, Ruben Saralegik.

Apustuaren gakoa erritmoan egongo dela esaterakoan bi aldeak ados daude. «Hemen erritmoa zaindu behar da. Hasieran azkarregi ibiliz gero, garesti ordaindu daiteke. Txanda librean izan arren lana oso luzea da, eta indarrak ongi neurtu beharra dago. Erakusleek ere lana izango dute, azken batean haiek esango baitute aldaketa noiz egin», esan zuen Etxeberriak.

«Garbi dago erritmoa zaindu beharra dagoela. Askotan, txanda librean izanda, azkarrago aritzen da, baina hori zaindu behar da. Guk serie laburrak egin nahi ditugu, baina horiek ere neurtu behar dira, azkenean kargatzen joaten delako bat. Iraupen proba da, eta ongi irauteak zerikusi handia izango du», esan zuen Ruben Saralegi gazteak.

Bikote bakoitzak izango ditu beteranoak, eta garbi dago, eskarmentua haiek dutenez, bikotearen ardura ere haiek eraman beharko dutela. «Bai horrela da, baina gazteak ere ongi daude. Nik Oihan bikain ikusten dut, eta bion artean lan eder bat egingo dugulakoan nago», aitortu zuen Etxeberriak.

«Nire osabarekin aritzea plazer handia da. Haiek bota ziguten desafioa eta guk hartu egin diegu. Osaba eta biok badakigu bakoitzak zer egin behar duen, eta alde horretatik lasaitasuna ematen du», erantsi zuen Saralegik. Azken horrek, plazara kezka bakarra eramango duela esan zuen. «Etxean egiten dugun lana ez egitea. Etxekoa egin eta galtzen badugu, ez dago ezer esatekorik, baina geurea egin gabe galtzeak pena handia emango liguke», aitortu zuen.

Enbor normalekin plazaratuko direla iragarri dute Saralegik eta Daniel Vicentek

Ruben Saralegiren eta Daniel Vicenteren ardura izango da enborrak eramatea, eta normalekin joango direla iragarri du Ruben Saralegik. «Urte garai honetan egurrekin ez da aukera handiegirik egoten, eta dauzkagunekin joango gara plazara. Ez dira txarrak, normalak eramango ditugu», esan zuen leitzarrak.

Felix Etxeberriak eta Oihan Larretxeak ere enbor normalak espero dituzte. «Enborrak beraiek ekarri beharko dituzte, eta plazan ikusi arte ez dugu jakingo nolakoak izango diren. Dena dela, normalak ekarriko dituztelakoan gaude. Lehendik ere lana oso luzea da, eta ez zaigu gehiago luzatzea koneni», esan zuen Etxeberriak. J.L.