2014/03/16

Iñaki Alegria
UEU-ko zuzendari berria

UEUk urteko batzar nagusia egin zuen atzo. Aurtengo egitasmoa onartzeaz gain, zuzendari berria aukeratu zuen bertan: Iñaki Alegria Loinaz. 1958an Donostian jaioa, Informatikan doktorea da eta, berak txantxetan dioen bezala, «dinosauroen taldekoa», 1984tik baitabil elkartean.

«Euskarazko graduak on-line eskaintzeko lanean ari gara»
M aider IANTZI
P020_f02

EHUko irakasle eta Ixa taldeko ikerlariak Donostiako Informatika Fakultateko bere bulegoan hartu du GARA, atzoko Udako Euskal Unibertsitatearen batzar nagusian Karmele Artetxek testigua pasatu baino egun batzuk lehenago. Lanari ekiteko «gogoaren eta ilusioaren» adierazle, ideia eta proiektuz bete digu koadernoa. Horien artean garrantzitsuenak, on-line unibertsitateari begirako egitasmoa eta ikerlari gazteak saretu eta euskal ekoizpenean gehiago inplikatzeko apustua.

Iñaki Alegria Loinaz Informatika Fakultateko dekanordea izan da duela gutxi arte, baita Langune Hizkuntzen Industriaren alorreko Euskal Herriko enpresen elkartearen zuzendaritza taldekoa ere. Nazioarteko aldizkari eta kongresuetan ehun bat argitalpen ditu eta euskaraz bere 90 erreferentzia agertzen dira Inguma.org euskal komunitate zientifiko-teknikoaren datu basean.

Zertan da Euskal Unibertsitatearen proiektua?

Hori da misioa. Kontuan hartu behar da UEU sortu zenean [1973ko udan] Euskal Herrian ez zegoela unibertsitaterik, are gutxiago euskarazko edo euskal unibertsitaterik. UEU biltzeko erreferentziazko tokia izan zen Iparraldean, gero Iruñera pasa zen, urte askotan. Euskal Unibertsitate euskaldun, nazional eta herrikoia izan zen hasieratik helburua. Unibertsitate fisiko batera eramateko saioak egon dira, baina ez dira gauzatu. Bitartean, EHU sortu zen, euskal erroak areagotu ziren beste unibertsitateetan -Mondragonen eta gutxiago Deustun eta NUPen- eta guk misio hori mantentzen dugu. Irakasleak zein ikasleak normaltasun osoz euskaraz aritu ahal izatea da gure asmoa. Erakunde txikia gara, 1.200-1.300 kidekoa, eta beste bidaia-lagun batzuekin egin behar dugu bidea, tartean administrazioarekin.

Helburu estrategiko horretan sartzen da on-line unibertsitatearen egitasmoa...

Helburu estrategikoa betetzeko ez, baina gutxienez osatzeko proiektu bat lantzen ari gara orain on-line unibertsitateari begira. Europan eta munduan asko hedatzen ari den eremua da. Gaur ez dago euskaraz graduak on-line egiteko aukerarik eta epe labur-ertainean konpromiso hori hartu behar dela pentsatzen dugu. Graduondokoak lantzen ere hasita gaude EHUrekin batera, batzuk presentzialak, besteak erdi presentzialak, beste batzuk on-line.

Xede estrategiko horretan inportantea da sarea ere. Zerbait egingo bada, beharrezkoak dira profesionalak, irakasleak, ikerlariak... eta hori da etengabe lantzen duguna. Euskal Unibertsitatea hori ere bada. Inguma.org da gure sarearen argazkia. On-line izateak ikuspuntu nazionala areagotzeko aukera ere ematen du, sarean ez dagoelako banatzen gaituen administraziorik.

Orduan, erran daiteke oraingoz Euskal Unibertsitatea fisikoki izan beharrean on-line gauzatuko dela?

Ez, ez. Guk fisikoa ere badugu. Gauza da hori dela gure proiektu estrategikoa, potoloa eta handia, eta horren zati bat -ez horren ordez-, denborarekin seguruena handiagoa izango dena, on-line ikasketak euskaraz eskaintzea da.

Euskal Unibertsitatearen bideragarritasuna aztertzen ari zarete...

Bai, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Gure lehenengo azterketan, irakasleriaren aldetik ez dago batere arazorik. Orain neurtu behar duguna da zenbat matrikula egongo liratekeen eta ea masa kritikoa dagoen titulazio batzuk osatzeko. Udarako azterketa edukiko dugu. Emaitza positiboa bada, finantziazioa bilatu eta bidean jartzeko mugituko gara.

Zein bertze egitasmo dituzu UEUrentzat?

Aurreko Jaurlaritzarekin, geneukan diru partida finkoa kendu ziguten eta, hori dela-eta, lantaldea murriztu eta indarrak Eibarren eta Bilbon bildu behar izan genituen. Orain, partida berreskuratuta, Iparraldeko eta Nafarroako sarea eta aktibitatea indartzera itzuli nahi dugu.

Legalki elkarte bat izan arren, berez unibertsitarioen sare bat gara. Orduan, kideak daude, ingurukoak eta langileak. Irakasleak ikastaroen arabera kontratatzen dira unean-unean. Langileen artean denetarik daukagu: administraria, informatikaria, liburugintzakoa, testu zuzentzailea, argitaletxe txiki bat, dokumentalista, pedagogoa... Unibertsitate zerbitzuen ikuspuntutik pertsona bana gutxi gorabehera.

Jada berreskuratu duzue diru-laguntza.

Bai, nahiz eta lehen baino kopuru txikiagoa izan. Gure aurrekontua duela 5 urtetik hona %20-25 jaitsi da, baina gutxienez sendotasun bat ematen digu, oinarria. Tartean egon gara oinarria zein zen ere ez genekiela. Langileen esfortzuaz mantendu dugu aktibitatea eta orain gogoa dugu berrindartuta jarraitzeko.

Zein harreman duzue bertze unibertsitateekin, publikoekin zein pribatuekin?

Nahiko tipikoa da. Historikoki UEUk jendea prestatu zuen gero irakasle euskaldunak egon ahal izateko. EHU euskaraz abiatu zenean, UEU egon ez balitz, motelago ibiliko litzateke. Gero, lan profesionalaz gain, kideen auzolana dago. Kide asko unibertsitateetako irakasleak dira eta EHU izanda handiena eta euskaldunena, asko bertakoak dira, tartean ni.

Beste unibertsitateetan ere badauzkagu kideak. Ikerketa zentroetan baditugu profesionalak, baditugu institutuetako irakasleak eta gutxi baina gaztetxoak ere badauzkagu, ikasten edo ikertzen ari direnak.

Eibarren, Baionan eta Iruñean jarraitzeko asmoa duzue?

Nagusiki bi egoitza ditugu: administratiboa Bilbon eta akademikoa Eibarren. Baionan eta Iruñean bi bulego geneuzkan eta momentu honetan ez dago langilerik. Baina lan bat egingo dugu bide horretan, batez ere aktibitate gehiago sortzeko, eta horrek ekarriko du, ondo badoa, bulegoak martxan jartzea. Historikoki Nafarroako eta Iruñeko Gobernuekin oso harreman ona izan dugu eta nahiko genuke orain ere hala izatea, baina duela urte dezentetik ez dugu harremanik. Aldaketa egongo balitz Nafarroan... Guretzat Iruñea erreferente inportantea da, jarraitzen dugu han ekintzak egiten, baina ez dugu batere laguntzarik.

Udatik negura pasatzeko pauso hori zer dela-eta eman zenuten?

Normalean gauzak ez dira arrazoi bakar bategatik izaten. Hor gertatu zen, batetik, udako ikastaroen parte-hartzea jaisten ari zela, jada ez zegoelako euskaraz beste eskaintzarik ez zegoenean bezalako egarririk. Bestalde, gu beste urrats hori egiteko asmotan genbiltzan. Oso eskertuta gaude Eibarko Udalak ikastetxe nagusia, oso etxe ederra, utzi zigulako. Oso eskertuta gaude aukera hori eman zigulako.

Hamabi ikastaro aurkeztu dituzue orain udaberrirako...

Bai, eta udarako 42 antolatuko ditugu. Ehun proposamen ditugu eta orain selekzio fasean gaude. Liburugintzan ere urtero hamabi bat liburu argitaratzen ditugu, unibertsitate mailakoak, eta gero bi aldizkari zientifiko ditugu, «Uztaro» gizarte zientzietan eta «Aldiriak» arkitekturan.

Inguma.org datu basearen eta Unibertsitatea.net atariaren sortzailea zara. Ze garapen izan dute bi guneek?

Buruskak.org liburutegi digitala ere badaukagu. UEUren liburu eta tesi ekoizpena da hau, sarean jarrita. Guk dena jartzen dugu sarean, beranduenez argitaratu eta bi urtera eta askotan lehenago.

Unibertsitatea.net, aldiz, ikasle eta ikerlari gazteei begirako gune bat da. Bertan, adibidez, gela eta apunteak konpartitu daitezke. Eta Inguma.org euskal komunitate zientifiko-teknikoaren datu basea da. Hor unibertsitate mailako guztia nolabait fitxatzen saiatzen gara. Programa informatiko jakin bati edo bioteknologiaren zuzenbideari buruz hitzaldi bat emateko, bertara jo dezakezu. Harrigarria da, gaur egun ia edozertaz aurkitzen duzu espezialista bat. Posta elektronikoz harremanetan jar zaitezke berarekin. Gainera, liburu baten kapitulua bada edo artikulu zientifikoa bada eta Interneten libre baldin badago, estekatuta dago eta eskuratu dezakezu. Oso tresna potentea da, ez bakarrik UEUrentzat, Euskal Herri osoarentzat.

«Ikerlari gazteen foro handi bat egin nahi dugu 2015eko udaberrian»

Ikertzaile gazteen ikusgarritasuna eta beraien lanen ezagutza sustatzen ari zarete; nola?

Detektatu dugu ikerlari gazteen artean badagoela belaunaldi berri bat potentzialtasun handia daukana baina saretu gabe dagoena. Espezialitateetan ezagunak dira, baina ez gehiegi. Horregatik antolatzen ditugu informatikari euskaldunen bilkurak, matematikarienak, natur zientzienak... Berriki arkitektoak eta hizkuntzalariak egon dira Carlos Santamaria zentroan. Baina beste arlo bat jakintzen artekoa da, eta ohiko unibertsitateek kale egiten dute hor, espezializazio handia baitago. Badugu proiektu bat geldirik egon dena eta berriz hartuko duguna: ikerlari gazteen foro handi bat egin nahi dugu 2015eko udaberrian.

Gazteak aipatzen dituzunean, zein adinetako ikerlariez ari zara?

Ohiko ikasketa gradua bukatu eta lanpostu finkorik ez dutenak. Tesia, «postdok»... ikerlarien bizitza. Aurten Zure Tesia Sei Txiotan lehiaketa antolatu dugu sarean. Sekulako arrakasta izan du. Orain berrikuntza, I+G eta zentro teknologikoetan ere balio handiko jendea dago, ondo formatua, asko euskaldunak. Batzuk euskaraz aritzen dira, besteek ez dute aukerarik...

Gure sarea tradizionalki irakasleak izan dira, unibertsitateetakoak, bai eta institutuetakoak ere, eta ikasleak, ikasle ziren bitartean. Baina orain, krisiaren ondorioz, eta unibertsitateak hasieran eduki zuen boom-aren ondoren, hori beteta dago, murrizketekin unibertsitateek ez dute irakasle eta ikerlari taldea berritzen. Adibidez, astronomiari buruz euskaraz gehien idazten duena Mexikon dago. Ikerlariak kanpora joaten ari dira hemen ez dutelako aukerarik, eta horiek ere gure sarean ondo integratu nahi ditugu. M.I.

MISIOA. «Euskal Unibertsitatea da misioa. Lehen azterketan ikusi dugu irakasleen aldetik ez dagoela arazorik, eta orain ikasleen ikerketa sakontzen ari gara»