SURFLARI ERNEGATUA

Joko arauak

Kirolean, «irabazteko edozerk balio du» goiburua oso hedatua dago azken hogeita hamar urteetako hezkuntza sistema jaso dugun eta egun oraindik jasotzen ari direnen artean. Luze hitz egin zuten, norberaren berri eman zioten elkarri eta aspaldiko garaiak malenkoniaz oroitu zituzten. Agurtzean, horrela esan omen zion arerio izandakoari: «Esaiok norbaiti hemen nagoela!»

Reunion uharteetako surflari frantsesak, Jeremy Floresek, agurra ukatu omen dio Adriano de Souza brasildarrari. Snapper Rockseko txapelketan izan zuten liskar baten ondoren ernegatu zen betilun jaio, betilun hazi eta betilun jarraitzen duen Flores jauna. Adrianok lagun izaten jarraitzen dutela dio; Floresek, ostera, brasildarra kaka zaharra dela dio.

Hirugarren errondan Flores olatu bikain bat egiten ari zen, baina olatua amaitzear zela Adrianok aparra hartu zuen; izan ere, preferentzia berak zuen eta modu horretan frantsesaren olatua baliogabetua geratzen zen. Floresek gauza bera egin zuen lehen txandan Jasson Andrerekin eta ez zen ezer gertatu, baina berari egitea ez zuen batere ondo hartu.

Nik ez ditut batere maite Flores eta De Souza, biak harro samarrak direla uste dut. Frantsesak uharte kolonizatuetan kolonoek izaten duten despota izaera oso barneratua dauka. Beti dabil liskarretan, batekin ez bada bestearekin, eta bestearekin ez bada, lagunaren lagunak duen etsai posible batekin. De Souza, berriz, brasildarra da, arerioari mutur aurrean bere garaipena igurzteko joera odolean darama.

Halere, halakoetan sortzen den eztabaida interesgarria dela uste dut. Kirolean, «irabazteko edozerk balio du» goiburua oso hedatua dago azken 30 urteetan indarrean den hezkuntza sistema jaso dugun eta egun jasotzen ari direnen artean. «Arauak direnak dira», eta «arau moral edo printzipiozko jarrerek ez dute deus balio». «Balio duena emaitza da».

Agian, hala izango da, emaitzak dira testuliburuetan irarriak geratzen direnak, «inor ez da galtzaileekin gogoratzen». Irabazteari baino jokatzeko moduari garrantzia ematen diotenak maite ditut nik, ordea; kirolari batek, besteak beste, pertsonalitatea izan behar baitu, jokamolde irizpideak behar ditu, besteengandik bereizi nahi badu. Testuliburuetan ez da horien izenik agertuko, baina halako osagaiak dituzten kirolariek luze irauten dute memoria kolektiboan, eta horrela ez denean, jarraitzaile multzo txikiago bat izanagatik ere, besteek ez bezalako mirespen eta leialtasuna eragiten dute.

Halakoetan, goi mailako kirolari izandako batek kontatutakoa datorkit burura. Buruz buruko txapelketa batean, itsusi jokatu omen zuen lehiakide batek, txanda pasatzearren, beti bezala, zintzo ari zenaren kalterako. Nahi zuena lortu zuen lehiakide hark, urrezko domina eskuratu zuen eta aurrerantzean ordura arte izan ez zituenak eduki ahal izan zituen; Izen ona, fama, auto berria eta neska laguna.

Urte askoren ostean, «galtzailea» ospitalean zen eri zen bere sendiko kide bat bisitatzen. Itzuleran, «irabazlea» topatu zuen pasilloan. Luze hitz egin zuten, norberaren berri eman zioten elkarri, agurra kendu ez izana eskertu zion batak, eta ez zela deus erantzun besteak, eta aspaldiko garaiak malenkoniaz oroitu zituzten, erizain batek txapeldun ohiari bere gelara itzultzeko esan zion arte. Horrela agurtu omen zuen irabazleak: «Aizak, esaiok norbaiti hemen nagoela!».