Euskal herritartasuna hiru ildoren bidez bultzatuko du Udalbiltzak

Euskal herritartasuna bultzatzeko hiru lan ildo zehaztu ditu Udalbiltzaren Nazio Gobernuak. Batetik, euskal sinboloen aldeko herri dinamika bat jarriko du martxan. Bestetik, «.eus» domeinuaren erabilera sustatuko du, eta, azkenik, euskal herritartasuna ofizialki onartzen duen dokumentu bat sortuko du. Halaber, Aberri Eguna gerturatzen ari dela-eta, herrietan osoko bilkurak sustatuko ditu euskal herritartasunaren aitortza eskatzeko.

Euskal Herriaren eta euskal herritartasunaren aitortza bultzatzeko bideari ekin dio Udalbiltzak. Hala berretsi zuen, behintzat, Nazio Gobernuak pasa den martxoaren 14an egindako bilkuran. Bertan, ebazpen bat onetsi zuten Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra osatzen duten kideek, eta, haren bidez, hautetsi eta herritar guztiei erakunde nazional honek aurrerantzean abiaraziko dituen lan ildoetara biltzeko deia egin zieten.

Euskal herritartasunaren aitortzaren aldeko lana berretsi izana pasa den otsailaren 22an Ordizian eginiko hautetsien bilkuraren ondorio da. Orduko hartan, «Euskal herritartasuna» izeneko lan ildoa abiaraztea erabaki zuten, eta, ondorioz, parte hartze prozesu bat abiatu zuen Udalbiltzak udal hautetsien artean, 200 alkate eta zinegotziren ekarpenak bilduz. Behin prozesua amaituta, jendaurrean azaldu zituzten emaitzak atzo Donostiako Miramar jauregian egindako agerraldian. Hego Euskal Herriko 35 alkate elkartu ziren bertan eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Igor Eguren Ordiziakoak eta Mertxe Aizpurua Usurbilgoak hartu zuten hitza.

Zehazki, euskal sinboloen erabilera bultzatzeari ekingo dio Udalbiltzak. Zentzu horretan, eta eremu instituzionalari dagokionez, Euskal Herriaren izatea aintzat hartzen duten bulego-paperak, seinaleztapenak eta irudi korporatiboak sustatuko ditu udaletxeetan. Era berean, behar diren baliabideak jarriko ditu herritarren esku, «haien nortasun nazionala agerian eta modu publikoan adieraz dezaten hala nahi badute».

Interneteko «.eus» domeinuari dagokionez, domeinu propioaren erabilera sustatzea bultzatuko da, eta, ondorioz, Euskal Herriko udalen web orrietan «.eus» domeinua erabiltzea proposatuko du Udalbiltzak. Eremu pribatuan ere domeinua zabaltzeko xedearekin hainbat ekimen garatzeari ekingo dio.

Era berean, euskal herritartasuna publikoki adieraziko duen agiri ofizial baten sorrera bultzatuko du Udalbiltzak. Aipatu ekimena herritarren atxikimendu librean oinarrituko da eta errespetuzko jarrera mantenduko du «Euskal Herriaren kultura, hizkuntza eta identitatea sustatzen duten adierazpen anitzekiko».

Aberri Eguna, Gure Esku Dago...

Bestalde, eta Aberri Eguna gerturatzen ari dela eta -apirilaren 20an izango da-, dozenaka herritan osoko bilkurak egin daitezen lan egingo du Udalbiltzak. Osoko bilkura hauek «Euskal Herriaren eta euskal herritartasunaren aitortza» eskatzeko izango dira. Ekimen hau arestian aipatutako hiru lan ildoak martxan jartzen laguntzeko ere aprobetxatzeko asmoa dute.

Era berean, Etxarri Aranatzen datorren apirilaren 13an independentziaren gainean egingo den herri kontsultaren aldeko jarrera erakutsi zuten Udalbiltzako ordezkariek atzoko agerraldian, baita erabakitzeko eskubidearen alde Gure Esku Dago dinamikak antolatuta datorren ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katearen aldekoa ere.