Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Zer du plazak?

Hiri edo herri barruko leku aski zabala, gehienetan eraikinez inguraturik». Zer da? Hara! plaza hitzaren lehenengo definizioa duzu hori Euskaltzaindiaren Hiztegian. Bada bai, nire jakin-mina ase nahiak bultzatu nau hiztegira. Izan ere, plazen kontuak ez nau azken hamarkadetan uzten loaldian patxadaz egoten, telebista aurrean ere ez. Loarina da nirea, derrepentean urduri esnatu, bueltaka, dardarati, izerdi patsetan, eta buru barnea oihuka: Jalgi, demonio, jalgi hadi plazara!. Eta ni, lozorrotik atera gurarik, hitzak esaldira bildu nahian, zein plazara jalgi baina?. Bai, zergatik dira hain desberdin hango, horko eta hemengo plazak? Galtzada-harriengatik ote? Kiosko motagatik akaso? Berdegune batzuetako belarra transgenikoa delako beharbada? Plaza batzuk enparantzak direlako agian? Arkupe mota? Klima? Latitudea? ... Hango-hemengo jainkoak baleki sikiera!. Edonola ere, Krimea Aldaketaren sindromea!

Total, plazak guztiz desberdinak dira. Batzuetan jendea plazara bildu, lepoz bildu ere, eta gobernuaren kontra protestan hasita, indarkeria lagun balitz ere... eta hara! udaberriko iraultza demokratiko bihurtzen da aitaren batean. Negua bada ere. Hauteskunde bidezko gobernua bada ere. Udaberriko iraultza!. Beste batzuetan, ostera, jendea plazara bildu, lepoz bildu ere, eta gobernuaren kontra protestan hasita, bakea lagun balitz ere,... hara! hauteskunde bidezko gobernu demokratikoa ezegonkortzeko tentaldi antisistemikoa da hori. Udaberria bada ere, ezin iraultza izan, are gutxiago demokratikoa. Are gehiago, Europako gobernu berez demokratikoen kontra plazara biltzen diren horiek dira Europaz kanpoko gobernu berez antidemokratiko horien aldeko direnak. Eta hango diktaduretan plazara bildutako suminduak dira Europako gober- nu demokratikoak amets dutenak. Ama, ama! askotan nahiago izaten dut loaldian segitu, nirea loarina izanda ere.

Plazatik plazara. Tira, plazako balkoira! Aurtengo txupinazoa zeinek eta Gurutze Gorriak jaurtiko, kosta ahala kosta. Horko gobernua arreta handiko zaintzan dagoen seinale edo. Baina nago ni, azkenean Itsasoko Gurutze Gorria izango dela, lurralde horrek, momentuz, kostarik ez badu ere. Eta ulertzekoa da, egun horretan arrantzale asko ibiliko omen dira plaza inguruko teilatuetan, eta beste asko plazan, olatuak eginez...