JOSEBE EGIA
ZIRIKAZAN

Apurtxoa, mezu tamalgarri hori

Mungian, Melillan, Madrilen... bertokoak eta atzerritarrak, gazteagoak eta adinekoagoak, harreman luzea eta motza izandakoak, eta guztiak hilak. Joan den aste beltz eta izugarrian; berriz ere, badaezpada erdi ahaztuta geneukan, nabarmen jartzeko emakumeen kontrako indarkeriak ez duela profil jakinik, ez biktimei, ez erasotzaileei dagokienez. Nabarmen jartzeko, balizko tresna zehatz bakar bat baliatuz erabateko magma harrapagaitza delako, berau jendartetik erauzteko bidean egiten den guztia gutxi dela. Eta nabarmentzeko, hain zuzen, jada egiten denari mugak jartzeak, diru-iturriak murriztuz, adibidez, ondorioak dituela: zehatzak eta ukigarriak, oso errealak.

Esparru horretan lanean jarduten duten guzti-guztiek behin eta berriz diote: infernuzko harremanean sartuta dagoen emakumeak bertatik ateratzeko ekintza egin osteko segurtasun berme gutxienekoak behar ditu, ausartu egingo bada, mereziko badio, infernua ez bazaio are bortitzagoa bilakatuko. Mezu argi eta irmoak behar dituzte, jendartearengandik, baina, bereziki, erakundeen eta epaitegien aldetik. Neurri berean, gizonezkoek mezu argi eta irmo berberak hauteman beharko lituzkete, alegia, bikotekidea zanpatzeak ondorioak edukiko dituela, zigorrak, paperezko gaitzespen sozialaz harago, ingurukoen erdeinuzko begiradaz harago -oso garrantzitsuak era berean-, argi izan dezaten, hasi aurretik ere, indarkeriak zuzenduriko hormaz barrurako jauntxoen erresumen garaia agortua dela.

«Mezumania» aro honetan, emakumeen aurkako indarkeriari eraginkortasunez aurre egingo badiogu, mezu labur, zehatz eta argiak igorri behar ditugu, haurrek eurek ere ulertzeko modukoak. Zer egin eta zer ez, nora jo eta nora ez, zein ondorio dauden eta zein ez, zein baliabide ditugun, non dauden, nork kudeatzen dituen, nola eskura daitezkeen... Baliabideak baitira, giza eta materialak, jendarte guzti-guztiek pairatzen duten indarkeria, terrorismo, hori gainditzeko gakoa. Erabateko zeharkakotasunez aplikatu behar direnak, esparru guztietan, eta txikienei begira, nerabeei, helduei, emakume eta gizonezkoei, gizarte-eragile eta instituzioei, guztiei; bestela, jai daukagu, landu beharreko fronteak ugariak direlako, eta bakoitzak bere berezitasunak dituelako.

Emakumeon burujabetza erreala onartzen ez dutenen indarkeriaren dimentsioa, hedapena, jakin badakigu zein den. Ez da makala, ez da txikikeria eta salbuespena. Ez da tantaka dagoen iturria. Eta, halere, gobernuaren eta erakundeen mezua -ahozkoa ez, jakina, ekintzazkoa baizik-, baliabideak murriztuz, edota, zuzenean, kenduz, horixe bera izaten ari da, lehentasun eta garrantzitsu estatusa suntsituz, esanez bezala «apurtxo batekin nahikoa salbuespenari aurre egiteko». Lotsagarri bezain iraingarria da gertatzen ari dena, baliabideak kudeatu behar dituztenen aurpegietan, joan den astean, atsekabea eta sinestezintasuna ikustea. Ezin hobeto dakitenean jende askoren eguneroko eta funtsezko borroka itotzen ari direla, eta, ondorioz, emakume asko eta askoren bizitzak kondenatzen.