RITXI AIZPURU
MUSIKA ARGITARATZAILEA

Musikaren harrobiak

Abestiak hautatu eta karaokeak egiten gozatu egiten dute umeek.

Musika eskolen hedadura oso zabala da Euskal Herrian. Herri gehienetan udalak kudeatutako musika eskolak daude eta horiei musika eskola pribatuak gehitu behar zaizkie. Ume, nerabe zein helduentzat musika ikasteko erraztasun geografiko eta akademiko handiak daude. Noski, ikasketok ez dira doakoak, baina ezta garestiegiak ere. Udalekoetan zein hainbat musika eskola pribatutan sartzeko itxarote-zerrendak izaten dira, eta tresna jakin batzuetan, batez ere gitarra eta pianoan, zorteak ematen du bidea musika ikasketok egiteko. Gero, mailarik gorenean, Musikene; ikasle trebatuenentzat musikari bilakatzeko eskola aproposa. Beraz, musika ikasteko baliabideak badirela esatea ez da hain gezurra, baina beste hainbat herrialderekin konparatuta, eskaintza, azpiegitura, laguntza, motibazioa eta irteera profesionalak ez dira hain parekoak, musika kultura hedatuagoa dutelako edo garrantzi profesional handiagoa ematen diotelako. Irteera profesional urriegia dugu oraindik Euskal Herrian jazz, folk, rock edo klasikoan. Musikari gehienen irteera musika irakaslea izatea da. Gureak herri kantaria izatearen ospea du, oso kantariak garela diogu. Otxoteak eta abesbatzak non-nahi; kantari bakarlari gutxi. Taldeetan babesten ohi du bere burua euskaldunak. Ezkutatu egiten da, ausardia faltako balitzaio bezala. Horregatik, interesgarriak izan ziren umeentzat «Euskaraokea» eta telebistako kantu lehiaketak. Baina hausnarketa sakonagoa beharko lukete ekimen horiek. Talentu berrien ikusgarritasunak kanturako zaletasun handiagoa ekarriko luke eta katapulta modura erabili kantari berriak sortzeko, erakartzeko. Kantarien harrobia sendotzeko balio dezake. Ikastoletan urtean behin euskal girotze barnetegietara doazenean umeek kantatzea estimuan dute. Abestiak hautatu eta karaokeak egiten gozatu egiten dute umeek. Gero, opari eta oroigarri CDa eskuratuko dute: Gatibu, Ken Zazpi, Vendetta, Esne Beltza, Urtz, The Uski's, Zea Mays, Hemendik At, Sugan, Kortatu, Itoiz, Exkixu...