Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Kutxa beltza

Orain urte askoko gau-eskolako garaia pasatu zait egunotan buru aldetik, euskararen erraietan lehenengo sartu-irtenak egin nituenekoa. Hantxe ibiltzen ginen biribil batean «hau atzamarra da» esaka, taldeko abokatuak behatzari seinalatzen zion bitartean. Haiexek garaiak! Tira, harira! Gazteleraz erdi ahaztuta nituen gramatika kontuak eraberritu behar izan nituen euskara bidean. Hara! Subjektua, objektua... Bada bai, gure beheko Estatu antzeko horren Konstituzionalak bultzatu nau gramatikarantz egunotan. Ez du, bada, epaian esan Katalunia ez dela subjektua! Ezetz? Katalunia eta Kataluniak, hortxe aldea, objektua eta subjektua! «K»-k egiten gaitu subjektu. Kalitateko «K»-k egin ere. Eta subjektuak markatu objektua, zuzena eta ez-zuzena. Ama, ama, zer kalte egin dion gaztelerari Nork-Nori-Zer, besteak beste, ez-ezagutu izanak! Azkenean Nork-Nori-Zor bihurtu zaio, espero gabean. Are gehiago, bazterreko lurralde antolatuak hasi zaizkio Konstituzionalari agertzen, inoiz ez bezala ageri ere, Nork formaren jabe; hortaz, burujabe. Hor konpost! Gu geure bidetik. Aurrerantzean Kataluniak edo Euskal Herriak esango dugu beti, aditza iragangaitza bada ere. Horra, kasuko, «Euskal Herriak joan badoa!», edo «Euskal Herriek joan badoaz».

Bada bai, esaldien «zuhaitza» ikasten genuen gau-eskolan; esan barik doa gauean zirela eskolak. Bada garaia, ordea, Euskal Herrian batez ere, idatzizko esaldien zuhaitzetik eginezko ekitaldien bide-orrira pasatzeko, bide-orriaren inguruan zuhaitzak ezinbestekoak badira ere, arnasbide. Zer esanik ez, Kataluniak eta Euskal Herriak ez dira berdinak. Horra, kasu baterako, bakoitzak hartu duen eztabaida-gunea. Katalunian autobusa hartu dute; Euskal Herrian, hala ere, gehiago izan da trena. Garrantzitsuena, betiere, bidea baino norabidea da. A, eta neurriko abiadura! Eta biribilgunean geratu gabe, badakigu, baina, horren barruan denak duela lehentasuna.

Egunotan ere leitu dut kondoia txarto erabiltzen dela askotan, ez dute baina non esan. Kutxa beltza jarriko ote? Kutxabanki bai, moketa non hartuko duen aurreikusteko. Gure Esku Dago ere irakurri dut. Azken hori eta kondoiarena kolpe batez uztartu zaizkit, buruan. Bai, eskubideak gure esku behar ditugu, geure gorputz bideetan. «K»-rekin betiere.