Jon LEUNDA
Aizkora | Urrezko lehiaketako finala

Gazteek iraupen proban erabaki zuten neurketa

Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak izerdi asko bota behar izan zuten txapela jantzi ahal izateko.

Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak irabazi zuten atzo Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu zen Binakako Urrezko Aizkorako finala. Gakoa iraupen proban egon zen, hantxe erabaki baitzen auzia. Ordura arte, beteranoak, Larretxea eta Etxeberria, aurretik ibili ziren.

Sei lan ezberdin egin behar izan zituen bikote bakoitzak. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu lehiatu ziren. Bakoitzak 36na kolperekin amaitu zuen lana. Bigarrengoan, berriz, bi 45 ontzako erlojuz kontra ebaki behar izan zituzten, eta hor Larretxea eta Etxeberria gailendu ziren, lana minutu eta 35 segundoan burutu baitzuten, eta minutu eta 53 segundo behar izan zituzten Atutxak eta Mugertzak.

Hirugarren lanean, 60 ontzakoa zeinek lehenago ebaki lehiatu ziren, eta beteranoak gailendu ziren, nahiz eta tartean segundo bakar bat egon zen. Bi minutu eta lau segundo behar izan zituzten Etxeberriak eta Larretxeak, eta bat gehiago Mugertzak eta Atutxa gazteak.

Laugarren lanean bi 60 ontzako ebaki behar zituzten, eta hor ere ez ziren alde handiak egon, baina berriro ere beteranoak izan ziren onenak. 4 minutu eta 36 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko, eta hiru segundo gehiago, berriz, bi aizkolari gazteek.

Bosgarren saioan, 45 ontzako bat etzanda jarrita, eta kana-erdiko bat zutik jarrita ebaki behar zuten, eta gipuzkoarrak eta bizkaitarrak aurka zuten aldea laburtu egin zuten, beraien lana 3 minutu eta 5 segundoan amaitu baitzuten, eta aurkariei, berriz, sei segundoko zuloa egin zieten. Lan bakarra falta zen, iraupen proba, eta garbi zegoen hor edozer gauza pasa zitekeela. Txanda librean egin beharreko ekinaldia zen, eta bi bikoteak iritsi ziren azkeneko saio horretara irabazteko aukerekin. Hori zen zaleek nahi zutena, eta horixe zen aurrean zutena. Azkeneko lan honetan, lau kana-erdiko, eta lau 60 ontzako ebaki behar zituzten. Azkenean, gazteak euren freskotasuna agerian jarri zuten, eta garaipena erdietsi zuten. Lan hau amaitzeko, 14 minutu eta 35 segundo behar izan zituzten, Atutxak eta Mugertzak eta Larretxeak eta Etxeberriak, berriz, 15 minutu eta 10 segundo. Lan guztiak amaitzeko, Atutxak eta Mugertzak 26 minutu eta 47 segundo behar izan zituzten, eta Etxeberriak eta Larretxeak, berriz, 27 minutu eta 19 segundo.