IKUSMIRA
IKUSMIRA

Justizia esaten dioten zekenkeriak jazarria

Ez da atzo goizekoa euskal presoen aurkako jazarpena, legearen alderdi zigortzaileak zorrotz ezarri eta haren alderdi onuragarriak aplikatzen ez dituena. Josu Uribetxebarria arrasatearraren kasua horren erakusgarri krudela izan zen, eta oraindik ere hala da, Gobernuak eta Estatuko sektorerik muturrekoenek erakutsitako ankerkeria ez baitzen arrasatearra baldintzapeko askatasuna eskuratu zuenean amaitu. Orduan argi zegoen gaixotasun larri eta atzera bueltarik gabekoa zuela, baina ahalegin guztiak egin zituzten kartzelan atxikitzeko, medikuen txostenei muzin eginda. Eta kaleratu ondoren ere presio handia jasan beharko zuen arrasatearrak. AVTk eskatuta, fiskalak haren egoerari buruzko beste txosten bat eskatu zuen, eta Auzitegi Nazionaleko medikuek berretsi egin zuten Uribetxebarriaren gaixotasun larri eta «atzeraezina»; areago, preso arrasatearra epe laburrean hiltzea aurreikusten ez bazuten ere, haren egoerak okerrera egin zuela zioten. Eta, hala ere, kartzelan hiltzea nahi zutenek berriro kartzelatu nahi dute, oraingoan, Guardia Zibilak atxilotutako lagun batzuek ustez egindako adierazpenetan oinarrituta, 1986an izandako atentatu batekin lotuz. Gaur, larriki gaixorik zegoen Isabel Aparicio PCE(r)-ko presoa Estatu espainoleko kartzela batean hil eta bi egunera, epaitegira deklaratzera joan behar du Uribetxebarriak, justizia esaten dioten zekenkeriak behartuta.