Azpeitirako bidean, lehen geldialdia Bilbon izango da
Gaur goizean jokatuko da lehen saioa Matiko auzoan, eta hamabi aizkolari neurtuko dira.

Hastera doa Buruz Buruko Urrezko Aizkora eta gaur bertan bi neurketa jokatuko dira. Bata goizean, Bilbon, eta bestea berriz, arratsaldez izango da Zegamako pilotalekuan.
Bilboko Matiko auzoan abiatuko da gaur, 13.00etan. Orain dela bi aste jokatu beharreko neurketa zen hau, baina orduan atzeratu egin behar izan zuten, eta gaur hasiko da. Bertan hamabi aizkolari lehiatuko dira, eta enbor bat moztera neurtuko dira. Bik lortuko dute hurrengo kanporaketan aritzeko txartela. Lanak laburrak izango dira, eta horrek ezusterako ateak ere zabaltzen ditu.
Lehenengo jardunaldi honetan, Irazabal, Intxausti, Duñabeitia, Larrea III.a, Txikon, Garcia, Telletxea, Azkargorta, Kintana, Lopez, Rodriguez II.a eta Naredo izango dira lanean arituko diren aizkolariak. Horietan, Azkargorta da berria, orain arte ofizialki ez baita plazetan aritu. Aretxabaletakoa da, eta ikusiko da nolako lana egiten duen. Izenei begiratuta, Telletxea, Irazabal eta Rodriguez II.a dira ezagunenak, eta ustez horien artean egon beharko lukete bi txartelek, baina duten lan laburra kontuan hartuta, edozein deskuidu nahikoa izango da kanpoan geratzeko.
Arratsaldean, 19.30ean, Zegamako pilotalekuan jokatuko da bigarren saioa, eta hor ere beste hamabi aizkolari lehiatuko dira, eta hortik ere bik lortuko dute hurrengo kanporaketan aritzeko txartela. Alberdi, Berasategi, Arakama, Esnaola, Urteaga, Alkizalete II.a, Lasa, Dorronsoro, Eneko Otaño, Eraso, Pellejero eta Eneko Saralegi arituko dira. Hemen, askoz ere izen ezagun gehiago daude, eta tartean hiru berri ere bai. Berasategi, Arakama eta Alberdi dira hemen agertzen diren berriak. Aurrenekoak joan den azaroan jokatu zuen apustua Zegaman, eta hura izan zen bere lehen agerraldi ofiziala. Alberdik, aldiz, joan den abuztuan jokatu zuen Euskal Herriko Hirugarren Mailako Txapelketako kanporaketa. Arakama, berriz, lehen aldiz arituko da ofizialki plazetan.
Hemen izen garrantzitsu asko agertzen dira, eta ustezko faboritoen zerrenda oso zabala da, baina bik lortuko dute aurrera egiteko modua. Lan laburra izanik, edozeinek lor dezake aurrera egitea, eta agian ezusteren bat ere gerta daiteke. Arituko diren aizkolarietako batzuk oso gazteak dira, eta izango dute gero 23 urtez azpikoen mailan aritzeko aukera ere.
Horrelako lanetan deskuidurik ez egiteaz gain, enbor onak tokatzea ere garrantzitsua da, enbor txar batek dena izorratuko baitie. Saioak biziak izango dira, bai Bilbokoa bai Zegamakoa ere, eta normalean ikusgarriak eta politak izaten dira ikusle guztientzat.

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Primer paso para garantizar el plurilingüismo en las instituciones

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7
