Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Hizkuntza, hizkera, doinua

Belarriak aspertuta amaitu dut astea, barruko ezkoa gogortuta ere, gure beheko Estatuan orain urte batzuk goi-karguetan ibilitako bat zendu berritan. Konkordia hitza entzun behar izan dut handik eta hortik, nonbait adostasunaren maisu izan ei baitzen zendua. Bai zera, kimera!, esango lukenez monarkaren batek, eskopeta eskupean. Trantsizioa deitzea ere!. «Egoera jakin batetik beste batera igarotzea» omen da trantsizioa, Euskaltzaindiaren Hiztegian. Gauzak horrela, komunera lasterka pattal sartu eta handik gutxira patxadatsu ateratzen zarenean trantsizio bat bizi izan berri duzula aitortu dezakezu. Aitortu behar dut niretzat trantsizioa beste zerbait dela. Baina tira, konkordiaren harira! Errealitatea, baina, zera da, Concordia Mediterraneoko kosta mehar batean geratu zela, hondartuta geratu ere, herdoiltzeko trantsizioan, beheko haitzak jo eta eskoratu ondoren. Han ere ibili dira konkordia ur gainera ekarri nahian, itxura egiten, garabitzar transgenikoak eta guzti. Baina olatuak beti olatu eta haitzak haitz, zorionez. Denek ez dute beren transatlantikoa biratzeko gaitasunik, eta askok desiorik ere ez. Usteldu daitezela, eta hor konpost! Dena dela, hau kolpea, gero! transatlantikoa deitzea ere Mediterraneotik gurutzaldiak egiten dituen ontziari! NATO etorri zait burura, oraingo Atlantikoa edozein ozeanotan dago eta!, are gehiago, kostarik ez duten lurraldeetan ere, hantxe. Portzierto, noizko bidaiari kuotak ezarriko Mediterraneoan, Kantaurikoan berdeletan bezala?

Ama, ama! Zein den zaila hiztegia! Ez nau harritzen gero Eusko Jaurlaritzak itzultzaile automatikoa kaleratu berri izanak. Lehenengoan euskara-gaztelera eta ingelesa-euskara baino ez. Baina noizko gaztelera-gaztelera? Zelan ulertu bestela Auzitegi Nazionalaren autoak mekanikari ez garenok? Bai, komunikazio arazo asko omen dira han-hemenka, Bake-Idazkaritzan izan edo Donostia-2016an izan, arazo. Hizkuntza berak hizkera asko dituen seinale, eta hizkera berak doinu ugari. Lotu horri belarrien ezko mota eta akabo! Tira, katalan-euskara falta zaio, momentuz, Jaurlaritzari. Bitartean EHko itzulia hastear da, baina EHko hegorako itzulia hasita dago. Zelan itzuli gaztelerara Iparraldetik Hegoaldera etortzen ari diren horien itzulera?