Rikardo Arregi 2014/4/2
DEIA
HEMEROTEKA

Maroto alkatea

Maroto alkateak ez du atzean gelditu nahi Espainiako Erresuman Adolfo Suárez «santo subito» egiteko dagoen kanpaina zoroan eta Gasteizko autobus geltoki berriari Adolfo Suárezen izena jarri nahi dio. Madrileko aireportuaren izen aldaketa entzun zuenean bururatu zitzaion agian ideia, baina argi izango zuen Gasteizko aireportuarekin ezin zuela gauza bera egin, Arabako PPri ez baitzaio komeni izen batzuk gehiegi gogoraraztea (Foronda, Garoña, Trebiñu). Maroto alkateak aste honetan bertan sinatu nahi zuen autobus geltokiarena, dekretu baten bidez, noski, baina oraingoz ez duela egingo iragarri du, beste talde politikoekin akordio batera iritsi nahi duela, hiritarren iritzia, kontsentsua eta abar. Udalaren talde guztiak, berea izan ezik, kontra agertu direla ez du ikusi nahi, antza. (...) Harritu naiz jakitean alkateek izenak erabakitzeko jainkozko boterea dutela (nondik etorriko zaie hori?). Maroto alkateari ez zaio batere gustatu gasteiztar batzuek autobus geltokiari, izena jarri behar baldin badiogu (jakina da Gasteizen lau autobus geltoki dugula eta jendea sarri nahasten dela), «Martxoak 3» izena emateko egin duten sinadura bilketa. Oro har Gasteizko eskuinak nahiago du martxoa 2tik 4ra zuzenean pasatzea eta gogoratu behar ez dugun egun horretan Adolfo Suárezek ardurak izan zituela ahanztea. Maroto alkatea autobus geltokiarena erabiltzen ari da ez dezagun San Antonioko kaleko udal bulegoez gehiegi pentsa. Bulego horien errenta kontratuaz egin den ikerketa batzordea bukatu berri da eta Maroto bera (kontratua sinatu zen garaian Ogasun zinegotzia) eta Alfonso Alonso (garaiko alkatea) ez dira oso garbi atera Gonzalo Antón negozio gizon eredugarriarekin (ardoa, jatetxeak, eraikuntza, futbola) egin zuten zorigaiztoko tratuan. Autobus geltokiarena jakin nuenean fake bat zela pentsatu nuen (Maroto alkatea modernoa da, horregatik esaten dut fake), albiste faltsu bat, txantxa bat. Agian Maroto alkatea bera da fake bat, besterik ez.