Aitor Montes
Aramaioko medikua
KOLABORAZIOAK

Ezkerreko eskuan hoplona

Berrordainketak berdintasuna eta ekitatea ezabatuko ditu errotik, eta osasun unibertsal, publiko eta doakoarenak egingo du, horrela jarraituz gero

Lan baldintzak maldan behera doazelako agian, edo egunero popatik ematen digutelako sentipena dudalako beharbada, betidanik gogokoa izan dudan greziar hiritartasuna gero eta gehiago gustatzen zait. Parte hartzeko eskubidea alde batetik, eta erantzukizuna bestetik, alegia. Zentzuz ari naizen ezin esan, baina sasoiak utzi nauela bistan da. Medikua naizen aldetik bizitza laburra dela badakit, baina zentzua ere gero eta laburragoa daukagula uste dut.

Greziatik Euskal Herrira bueltan, eguneroko anabasara. Espainiako Mediku Antolakuntzako presidentearen adierazpenak eztabaidagai izan ditugu azken egunotan, eta soka luzea ekarriko dute. Osasun zerbitzuak gaizki erabiltzeagatik ordaintzearen alde agertu da, izan ere, larrialdi zerbitzuak txarto erabiltzen omen dituzte gaixoen %40k. Europan hau aspaldiko kontua da, eta dagoeneko herri askotan ordaindu behar dira larrialdiak, espezialisten kontsultak, etab.

Osaldek, osasun publikoaren aldeko elkarteak, eztabaidan parte hartu du, eta, nire uste apalean, bete-betean asmatu. Lehenik eta behin, erabilera okerra ohikoa dela onartuz, informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat beharko genukeela, hasieratik ordainketarik edo isunik onartu gabe. Guztiz ados, baina egoerari konponbidea bilatu behar zaio, aldez edo moldez. Urtebete edo urte biko kanpaina, gomendagarria baino ezinbestekoa litzateke, baina ondoren ganorazko ebaluazioa egitea saihestezina; eraginik izan duen aztertu, alegia. Eta hala ez balitz, osasun zerbitzuen erabilera okerrak jarraituko balu, orduan ordainketa ezarri, derrigorrez. Diruak urean ere egin dezake bide.

Gure gizartean, gero eta gehiago, berekoikeria da nagusi. Jende xeheak errege izan nahi eta après nous le déluge lemapean bizi gara. Eskubide kolektiborik ez omen dago, indibidualak soilik. Inposatuko ereduei men egiten diegu otzan, baita osasun kontuetan ere. Industria farmazeutikoak zer esan, hura errezetatzen dugu medikuok, eta normala dena gaixotasun bilakatu dugu denon artean. Bizitza medikalizatu egin dugu. Eta bide batez, kalitatearen izenean, euskara bazterrean ahaztu zaigu, hanka hautsita etxean emakumeak bezala.

Okerreko norabidean goazela bistan da: berrordainketak berdintasuna eta ekitatea ezabatuko du errotik, eta osasun unibertsal, publiko eta doakoarenak egingo du, horrela jarraituz gero. Berrordainketak zabalduko dira, eta laster osasungoaren pribatizazioaren lekuko izango gara. Diruak txakurrak ere dantzan jartzen ditu, eta osasun publikoa negozio bilakatu nahi duten txakurrak asko dira. Eta guk, beti bezala, amuari kosk egingo diogu behin eta berriro.

Ezker abertzalearen eredua oso bestelakoa izango dela uste dut: osasun sistema publikoa, zergen bitartez finantzatua; unibertsala, guztion artean egindakoa eta guztiona. Eta euskalduna bide batez, diot nik, euskaraz egindakoa. Baina honek ere erantzukizuna eskatzen digu, eta guztiona denaren erabilera egokia eta zentzuzkoa. Izan ere, osasun zerbitzuak garestiak dira, eta nekez lortutako diru publikoa ezin dugu erraz joaten utzi. Beste era batera esanda, erabilera egokia ezinbestekoa da osasun publikoaren defentsan, eta erabilera okerra onartezina. Aurka egongo zarete, badakit, baina atez atekoa datorkit burura, eta nola jendearen iritzia kontuan hartzea botoak galtzeko beldurra estaltzeko estakurua izan daitekeen. Birziklapena inposizioa omen askorentzat, eta guztiona den ingurunea hondatzeko eta kutsatzeko eskubide indibiduala eskubide kolektiboaren gainetik lehenesten dute. Ingurunea bezala, osasun sistema publikoa guztiona da, eta zentzuzko lana eskatzen digu. Atez atekoa legez, itsusia beharbada, baina ez daukagu beste aukerarik.

Kapitalismo globalaren olatu erraldoia datorkigu gainera, eta gure txikian nola hala aurre egin beharko diogu, gure eskura dauzkagun baliabideekin. Eta ezkutuari eusteko eskurik onena beti ezkerrekoa izan da. Ezkerreko eskuarekin hoplonari heldu, aldamenekoa babesteko, eta zure ondoan dagoenak zu babestuko zaitu bere hoplonarekin. Ez da erraza izango, borroka latza dugu aurrean, maldan gorako anabasa, baina ezkerreko hiritartasuna beharrezkoa dugu, berekoikeriarik gabe, amuari kosk egin gabe, eskubide indibidualak eta kolektiboak uztartuz. Bakoitzak bere hoplonari heldu behar dio, ezkerreko eskuaz. Eta hau horrela ez bada, sar nazatela kalabazan.