Gontzal Mendibil
Abeslaria
KOLABORAZIOAK

Iruzurra edota «la gran estafa»

Badugu beraz, beste eredu baliogarri baten bilakaeran zer ikasi eta zeri ekin, zeren orain arteko hau promes egindakoaren iruzurra edo «la gran estafa», besterik ez dugu

La Gran Belleza» film italiarra ikusteko aukera izan duenak Mendebalde honen dekadentzia sentitu izango zuen bertan. Delitu morala egunoroko gauza arrunta bihurtuta eta egunoro ikusten ari garena, gizakiarengan sinestearen itxaropena ahultzen ari zaigula.

Asko dira krisiaren eraginez jausitako gizaki, proiektu eta enpresak. Susmoa daukat gaurko ekonomia boterearen larderia ikusita, apurka-apurka Erdi Aroko feudalismo garaietara itzultzen ez ote goazen berriro. Sistemak huts egin duela begi bistakoa da, baina munstroak, hau da, finantza botereak janaria eskatzen du eta berau elikatzea da jarduera eta helburu bakarra. Honek, Rubensek margoturiko «Saturno bere semea irensten» ekartzen dit gogora. Halaxe ez ote dugu ba amaituko Europako semeok.

Eta egiarik latzena, demokraziaren zentzua ezabatuz justiziaren oinarriak puskatzen dabiltzala. «Justiziaren itxuraz legeen itzalean eraikitzen den tirania baino okerragorik ez dago», zioen Montesquieuk. Horretara goaz ezbairik gabe, gizakion ongizatearen lorpenei agur esatera.

Zutabe sendorik gabeko itxuraz eta itxurakeriaz eraikitako edozerk du bide laburra. Oraingo hau sistemaren krisia dugula entzuten da egunoro, baina ez dezagun ahaztu, sistema gizakiok eraikitzen dugula eta sistemak huts egiten duenean, beti ere, pertsonen erruz izan dela. Gizakion sinesgarritasunak egiten du sistema on, eta ez alderantziz. Sosten- gu etikorik gabeko sistemak goiz edo berandu huts egingo du.

Lan egin nahi edota ekintzaileak direnei inongo aukerarik ematen ez zaienean, akabo, sistema horrek ez du norabiderik edota, txarrago dena, norabide argi baten seinalea da. Argi dago, oligarkia finantzieroen esklabo garela eta gizon librea eta herri librea izan nahia zapuztu nahi digutela.

Krisi latzetan bestetik, ezkutuan ditugun gizakion portaera eta izaera guztiak ateratzen zaizkigu begi bistara, gure hutsuneak eta bertuteak ere azaleratzen dira.

Jite orotako gizakiekin egiten dugu topo, benetako direnekin eta gezurra nonahi eta noiznahi darabiltenekin, eskuzabal agertzen direnekin eta inoren mesederako ezer egingo ez dutenekin, emankor direnekin eta lukurreriaz jokatzen dutenekin, gizaki zintzoekin eta zinikoekin.

Bakoitzaren izaera argitan uzten digu krisiak eta norberaren ispilu bihurtzen zaigu. Eta sarritan erantzunik eman ez geniezaiekeen galderak datozkigu. Bakoitzak bere buruari galdetu beharko lekizkiokeen erantzun zaileko galdera errazak. Nor naiz ni?

Adituek zera dioskute, I+D deritzon horretan, ikerpenean eta garapenean dagoela krisiaren irteera. Ai, hala balitz! Nik uste, izate- kotan, jarduera ekonomiko berri baten planteamenduan dagoela, justiziaz oinarritzen den modu etikoan, eta gizakion duintasuna baliatzen duen sisteman. Zeren, besterik ezean, aurrean dugun txinatarren lana eta bizimodua gertuago dugu.

Txinatarren bizitza dela eta, gertaturiko adibide bat kontatuko dizuet: Zornotzako txinatar dendari bati joan omen zitzaion herritar bat hau esanez: «Zuok lan eta lan, baina ea noizbait ikasten duzuen gu bezala bizitzen» eta txinatarrak erantzun omen zion... «ya ya ya, ondo, ondo, baina zuok laster guretzako egingo duzue lan». Adi ba, etorkizuneko mendebalde honek halaxeko norabidea darama eta.

Hauxe da duguna, txinatarrei ateak zabalduz, beraiekin ezin inondik inora konpetitu. Eta bestetik, txikiak banan-banan jausten eta ezerezten doazen bitartean, handien politika ekonomikoa babestu, onartu eta sostengatu beharra. Dena den, txinatarrek mendebaldekook galdu izan dugun gauza on bat dute beren gain, egoera txarretan beraien arteko elkartasuna ere agertzen dutela.

Mesfidantza osoz bizi garen garai hauetan, argi dagoena da borondatearekin bakarrik ez ditugula gauzak lortuko, eta norberaren izan nahiak eta herri baten izan nahiak egoera honi buelta ematea eskatzen digula.

Kultur gaietan ari garenok ere badakigu egungo egoeraren triskantza. Honetan ere besteek jan ez gaitzaten, egin beharko dugu zinez geurea babesteko eta suspertzeko apustu sendoa.

Etorkizunak planteamendu berriak behar ditu, edota berri zaharrak, auzolanen tankerakoak, herritarren nahierari erantzungo diotenak. Badugu beraz, beste eredu baliogarri baten bilakaeran zer ikasi eta zeri ekin, zeren orain arteko hau promes egindakoaren iruzurra edo «la gran estafa», besterik ez dugu.