Gauza bakoitza, dagokion tokian
Pasa den astean gertatu zen, Auzitegi Nazionaleko lau horma hotzen barruan. Akusatuen aulkitxoan, hemeretzi herritar eserita, 2011n Kataluniako Parlamentua «setiatzeagatik» auzipetuta. Eta epaimahaiko buru, Fernando Grande-Marlaska. Une jakin batean, epaile-izarretan izarrena bilakatzeko bidean den togadunak «ordena-kontu bat mahairatu beharrean» zela esan zuen.
«Kexaka etorri zaizkit komunetan jendea erretzen ari dela-eta -egin zien errieta aretoan bildutako guztiei-; are gehiago, substantzia narkotikoak ari omen da erretzen. [Epaiketa amaitu arte] Geratzen zaizkigun egunetan, zuetako inor, edozein dela ere... espero dut klase horretako kontrolik jarri behar ez izatea. Niri ez zaizkit batere gustatzen, gainera. Baina gauza bakoitzak dauka bere tokia. Ados?».
Ados, epaile jauna. Zuzentasunean zuzen jarri behar badugu, edonork daki -baita haur txikiak ere- komuna ez dela -izan zure epaitegikoa edo izan norberaren etxekoa- zigarreta edo porroa erretzeko toki egokia, gure gorputzaren estualdiak arintzeko asmatu dugun gunea baizik. Eta zuzentasunean zuzen jarri behar badugu, edonork daki -haur txikiak (oraindik) ez- zigarreta edo porrotxoa erretzeko leku aproposena itsasoari begira dagoen muino kuttun hori dela.
Ados, epaile jauna. Zuzentasunean zuzen jarri behar badugu, gauza bakoitzak du bere tokia. Izatez, halaxe erakutsi digute gure gurasoek, eta hauei eurenek, eta haiei gure birraitona-amonek. Izatez, zuzentasunean zuzen jartzen garelarik, gu ere saiatzen gara txikienei irakasten: ez dituztela jostailuak sukaldean non-nahi utzi behar, baloia bainuontzitik atera beharra dagoela, margoak lurretik jaso behar dituztela, gosari-bazkari-afariak amaitutakoan mahaia jaso beharra dagoela...
Ados gara, beraz, epaile jauna. Baina gauza bakoitzak bere tokia duenez, berorrek ere merezi du errietarik. Izan ere, ez al zion inork irakatsi berorren lantokia, zuzenbidea zuzen jarraituta, justizia egiteko apropos asmatutako gunea dela? Dagokiona egiten hasteko ordua ere badu berorrek. Tortura salaketekin, adibidez. Hasteko.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
