Trantsizioko urteetan bizi den nortasun bikoitzeko pertsonaia dakarkigu Juan Kruz Igerabidek

Aduanako langilea da Juan Kruz Igerabidek argitaratu berri duen «Zangotraba» liburuko protagonista. Era berean, amodio kontuetako detektibe arrakastatsua da. Pertsonaia «patetikoa», barregarria eta desleiala.

Irungo aduanako bulego batean egiten du lan Joxek, gizon grisa, tristea. Sindikalista batzuk besterik ez ditu bezero. Juan Fernandez, berriz, amodio kontuetako detektibe arrakastatsua da. Gizon berberak gorpuzten ditu bi nortasunok; Joxe bere bulegoko ate ezkutu batetik sartzen da alboan dagoen gelara, eta han mozorrotzen da. Itxura aldatzearekin batera nortasuna eta bizimodua ere aldatzen ditu, beste pertsona bat izango balitz bezala.

«Zangotraba» (Erein) Juan Kruz Igerabide idazlearen azken lana da, eta izenburuan pertsona traidore bati egiten dio erreferentzia, protagonistak nahigabe eta modu inozoan maite dituen pertsonei egiten dien desleialkeriei. «Pertsonaia patetikoa da, tranposoa. Historiari begirada bat eman nahi izan diot gizon honen ikuspuntutik, historia ere tranposoa delako», aipatu zuen idazleak.

Historia aipatuz, nobela ez du orainaldian kokatu, baizik eta Francoren azken garaietan eta trantsizioaren lehenengo urteetan. Egilearen esanetan, testuak badu zerbait antzerkitik edota nobela beltzetik. Izan ere, bere abiapuntua Otto Dix artista espresionistaren grabatu serie bat izan zen, gerraren ingurukoa. «Txunditu egin ninduen. Irudi horiek patetikotasun bat dute gure trantsizio garai horien argazki moduan funtzionatu dezakeena. Suntsiketa irudikatu zuen, baina umore beltza presente dauka artista horrek», eta berak ere ildo horretatik jotzea erabaki zuen.

Gainontzeko pertsonaiak osatzerakoan berari gertatutakoak moldatu ditu eta narrazioan sartu. Adibidez, intriga lehertzen da gizon bat lorategi batean erortzen denean eta protagonistak altxatzen laguntzen dionean, «eta pertsona hori nor den jakiten duenean zur eta lur gelditzen da», esan zuen Igerabidek pertsonaiari buruzko datu gehiagorik eman gabe.

Era berean, trantsizioan ezagututako jendean ere oinarritu da. «Guztiak moldatu egin ditut, bat izan ezik; Xarra sindikalista. Berak nigan eragina izan zuen eta hil egin zenez omenaldi txiki bat egin nahi izan diot. Gainontzekoak, agian norbaitek identifikatu ahal izango ditu benetako pertsonetan oinarritu naizelako. Gertaerak ere nire mesederako eraldatu ditut, nahiz eta historiari jarraituz benetan gertatutakoak aipatzen ditudan. Ez da historia liburu bat», adierazi zuen.

Maitasuna ere badago eleberrian. Dama Beltzak erotismo puntua ematen dio. «Trantsizioan askatasun sexuala nabaritzen hasi zen eta hori muturrera eraman dut, erridikulua izatera heltzen den arte».

Helduentzako lanak

Igerabidek batez ere gazte literatura egin izan du, nahiz eta «Zangotrabak» helduentzat idazten duen hirugarren lana den. «Hauts bihurtu zineten» lanean ere trantsizioaren gaia landu zuen, baina tonu guztiz desberdina erabili zuenez, oso nobela desberdina da. Oraingoan umoreak presentzia handia dauka, «ikuspegi pesimista dauka baina trataera tragikomikoa. `Hauts bihurtu zineten' iniziazio nobela izan zen heldu literaturan, eta `Elurra sutan' -hurrengo lana- des-iniziaziozkoa. Hau ez da ez bata ez bestea».

Eleberriak hiru osagai ditu, beraz, egoera soziopolitikoaren azterketa, nobela beltza eta maitasuna. Gainera, amaieran trantsizioaren gaineko gogoeta egin du narratzailearen ahotsean.