Avironek etorkizuna du jokoan Grenoblen
Lapurtarrek aurkari zuzen baten aurka jokatuko dute bihar, eta galtzen badute kinka larrian geratuko dira.

Baionako Avironek finala jokatuko du bihar Grenoblen 18.30ean. Bi jardunaldi besterik ez dira geratzen liga amaitzeko, eta mailari eusteko garaipenak bakarrik balio dio.
Bi partidak izango dira garrantzitsuak, baina Grenoblen jokatuko denak garrantzi handiagoa izango du, frantziarrak mailari eusteko borroka horretan aurkari zuzenak baitira. Avironek irabaziko balu, Grenoble ere gainditu egingo luke sailkapenean, eta frantziarrak kinka larrian utziko lituzke. Galtzen badu, Avironen egoerak bere horretan jarraituko luke, bai Oyonnaxek bai Perpinyak ere goian dabiltzan taldeen aurka jokatuko dutelako, eta azkeneko jardunaldira arte itxaron beharko luke, baina Grenoblek mailari eusteko txartela lortuko luke.
Baionako taldeak irabaziko balu ere, ez luke salbazioa eskuetan izango, baina pauso handia emango luke, azkeneko partida etxean jokatuko bailuke. Beraz, ikaragarri izango du jokoan talde zuri-urdinak, eta hori jokalariek ere badakite.
Alta, Avironek etxetik kanpo jokatzen duenean ezin da itxaropen handirik izan, normalean oso emaitza txarrak lortzen baititu. Orain arte Biarritzen bakarrik irabazi du, eta kontu hau ez da aurtengoa bakarrik, azkenengo denboraldietan gauza bera gertatzen ari baita. Etxean jokatzen duen Avironek zerikusi gutxi izaten du kanpoan jokatzen duenarekin, baina mailari eutsi nahi baldin badio, gauzak aldatu beharko ditu.
Beste bi aurkari zuzenek oso partida gaiztoak izango dituzte. Oyonnaxek Stade Toulosain hartuko du, eta Perpinya, berriz, Toulonen aurka arituko da. Biak ala biak goian dabiltzan taldeekin lehiatu beharko dute. Alabaina, biek etxean jokatu beharko dute eta horrek gauzak alda ditzake.
Ordu berean jokatuko du Biarritzek etxean Briverekin. Hau izango da talde lapurtarrak oraingoz goi mailan etxean jokatuko duen azkeneko partida, nahiz eta hemendik bi urtera berriro ere maila berean jokatu nahiko lukeen.
Hori gutxi balitz, Dimitri Yachvilik Agileran jokatuko duen azken partida ofiziala izango da. Azken urte hauetan Biarritzek izan duen ikur nagusietakoak errugbi profesionala utzi egingo du aurtengo denboraldiaren ostean, eta zaleek bere lana eskertu nahi diote. Biarritzek lortu dituen garaipen handienetan parte zuzena izan baitu. Biarritzi asko eman dion jokalaria izan da, zaleek asko maite dutena, eta bihar txalo artean agurtu nahiko dute. Hala ere, ez da bera bakarrik izango Agileran Biarritzekin azken partida jokatuko duen jokalaria, gehiagok ere utziko baitute Biarritz sasoiaren amaieran.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
