Inazio Agirre
Sortuko kidea
GUTUNAK

Inposizio politikoa eta adostasuna

Egungo euskararen politika urrats bat izan da, frankismoak euskara debekatzetik aitortzaren bidean; baina urrats partziala eta ez nahikoa, euskararen normalizazioa bermatzeko. Soberan ditu estatuek ezartzen duten hizkuntzen arteko hierarkizazioa eta desberdintasuna; eta falta zaizkio Europako estatu-hizkuntza ofizialen berdintasuna, simetria eta tratu ekitatea.

EH Bilduk espainieraren inposizioa amaitzea nahi du, mendeetako asimilaziorik gabe euskararen normalizazio demokratikoa lortu ahal izateko. Hau da, euskaldun eleanitzez osatutako Euskal Herri Euskalduna berrezartzeko; beste hizkuntzetan bizi direnen hizkuntz eskubideak errespetatuz.

Espainieraren inposizioa arrazoitzeko honako hau argudiatu zuen Martin Villak (frankista, eta «trantsizioan» Espainiako gobernuaren ministroa): «Es evidente la imperiosa necesidad de garantizar el conocimiento y el uso del castellano en todo el territorio nacional». Motibazio politiko horretan ez da elkarrekiko tolerantziarik: Euskal Herrian espainiera inposatzea demokratikoa baldin bada, euskara Espainian ezartzeak ere berdin izan beharko luke.

EH Bilduren asmoa, ordea, ez da euskara Cadizen unibertsalizatzea, euskararen lurraldean normalizatzea baizik; hau da, euskararen iraunkortasuna bermatzea Euskal Herrian. Horretarako, egia, justizia eta erreparazio historikoa behar dira; burujabetasuna behar da, bi estatu asimilatzaileen kanpoko esku sartzerik gabe.

Baina Espainian demokratikoa dena, zergatik da inposizioa Euskal Herrian? Adibidez, administrazio, zerbitzu eta enpresa publiko guztietako hizkuntza espainiera da; baita komunikabideena eta hezkuntzarena ere; edozein administraziotan lan egiteko funtzionario guztiek espainiera jakin eta erabili behar dute, derrigorrez. Eta espainiera ez dakienak ez du administrazioan sartzeko eskubiderik. Euskal Herrian, zergatik ez da berdin egiten?

Pertsonak, hizkuntzak eta herriak berdinak dira duintasunean. Ondorioz, EH Bilduk berdintasunezko tratamendua eskatzen du. Euskararentzat lortzea Euskal Herri osoan espainierak eta frantsesak bakoitzak bere estatuan duten estatusa eta egoera eremu ezberdinetan. Berdintasuna lortzeko bide horretan, nahitaezko baldintzak dira euskaraz bizitzea eta euskarari dagokion berezko nagusitasuna lortzea.

Egungo hizkuntza politikak ez ditu zaindu euskararen arnasguneak eta udalerri euskaldunak; ez ditu ikasle berri guztiak aski prestatu euskaraz bizitzeko; administrazio handietan euskara ez da lan hizkuntza; komunikabideen ahalmena askieza da, sakabanatutako euskaldun berriak euskararen hizkuntz komunitatean integratzeko.

Hogeita hamabost urteren ondoren, euskara berreskuratzeko prozesuan moteltze eta atzerako zantzuak daude. Galdu-gordean dabil. Eta beste zerbait egiten ez badugu, galduko dugu. Aro globalean aurrera ez egitea atzera egitea baita. Oraindik ere, espainiera beti eta edonon erabil daitekeen bitartean, euskara lurralde, toki, eremu eta eginkizun mugatuetan besterik ezin erabil daiteke.

Horregatik, beharrezko da hizkuntza politika errotik aldatzea. Eta horretarako, Euskal Herri euskaldunaren adostasuna eraikitzea; minimoen azpitik ibiltzeak ez baitu balio aurrera egiteko, Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko; eta helburu handiek adostasun politikoa behar baitute.

PP eta PSE-EE, ordea, oso eroso daude EAJren adostasunarekin. Hori ez baita euskararen adostasuna betoa baizik. Egungo hizkuntz politika nazionalismo espainiarraren eta unionisten inposizio politikoa da.