Zelai berriaren lehen erronka
Duela bost urte Kopako finalerdietan gertatu bezala, Sevillaren aurkako partida batek zuri-gorrien etorkizun hurbila baldintzatuko du.

Athleticzale askorentzat, bereziki gazteenentzat, San Mames zaharrean jokatutako 1.738 partidetatik, 2009ko Sevillaren aurkako Kopako finalerdia izan zen gogoangarriena. Final baten atarian egonda, 80ko hamarkadatik bizi ez zen sukar batek harrapatu zuen Bilbo eta Bizkai osoa, eta bost urte beranduago, katedral zaharraren oinordekoak, urtebetera ere heltzen ez den historiarekin, oso antzeko arratsalde bat biziko du igandean.
Sua piztu zuen Del Nidoren ahotzarra berriz ere zabalduko ez den ziurtasunaz harago, aurtengoak baditu Athleticen aldeko zenbait abantaila. Duela bost urte ez bezala, zuri-gorriek ez dute egoera irauli beharrik; Kopan kontrako 2-1eko bati buelta eman behar bazioten, Championserako lehian, Bartzelonan galduta ere, hiru puntuko aldea dute Valverderenek, eta lehen itzulian Sevillan bana berdindu ostean, berdinketa ere balekoa izan daiteke.
Hala ere, Camp Noun titular izan zen Oscar De Marcos erdilariak oso argi dauka Athletic ez dela berdinketaren bila zelairatuko. «Irabazita, sei puntuko aldea eta averagea izango genituzke alde, bederatzi punturen faltan, alde hori erabakigarria litzateke eta gu partidaren bila irtengo gara, beste ezertan pentsatu gabe», azaldu zuen guardiarrak atzo Lezaman.
Zaleei deia
Bartzelonaren aurkako partida amaitu bezain laster, Ernesto Valverdek berak ohartarazi zuen zentzu guztiak igande honetako partidan jartzearen garrantziaz, eta De Marcosek ere nabarmendu zuen, Kopako finalerdi hartan bezala, zaleen babesak izan dezakeen garrantzia.
«Gure etxera datoz, eta gure zaleen babesa behar dugu, noski; partida guztietan estutu duten guztia estutzea oso lagungarria litzateke. Eurek garaipenaren bila etortzea besterik ez daukate, baina guk etxean sendo jarraitu behar dugu. Oso bolada onean dator Sevilla, talde handi baten bigarren itzulia egiten ari dira -azken hamar partidetatik bederatzi irabazi dituzte-, baina gu ere gauzak ondo egiten ari gara, zerbaitegatik jarraitzen dugu laugarren».
Final horri begira, galdu izan arren, Camp Noun jokatutako partida mesedegarri izan daitekeelakoan da Guardiako futbolaria, izan ere, Bartzelona bezalako talde handi bati «parez pare» jokatzeko gai izan baitziren, partida amaierara arte zerbait positiboa ateratzeko aukerak izan zituztelarik gainera.
Sevillaren inguruan galdetuta, Unai Emeryk zelai erditik aurrera dituen jokalarien kalitatea goraipatu zuen arabarrak. «Rakitic oso joko bolada onean dago, baita Bacca eta Gameiro aurrelariak ere. Denak dira jokalari erabakigarriak eta oraintxe bertan denboraldiko unerik onenean daude». Hori bai, ostegunean Europa Leagueko finalerdia jokatuko dute Valentziaren aurka eta horrek mesede egin diezaioke Athletici.
Zuri-gorriek aste osoa dute lehia prestatzeko eta gaur izango dute asteko jaieguna. Atzoko saioan, Bartzelonan titular aritutakoak ordu erdi inguruz aritu ziren prestatzaile fisikoaren aginduetara, itxuraz, inolako arazorik gabe. Gainerakoek, Ruiz de Galarreta barne, saio gogorragoa egin zuten.

«Hay que articular un impulso nacional para afrontar los retos»

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»
