Ainara Lertxundi
Kazetaria
TXOKOTIK

Errepresioaren bidetik berriro ere

Saharako lurralde okupatuetako emakume ekintzaileekin elkartzeko asmoa zuten. Beraiekin giza eskubideen urraketez mintzatu nahi zuten; haien egoeraren berri jaso eta etxerako bueltan zabaltzeko asmoz. Baina, Marokok beste behin ere ateak itxi zizkien mundu zabaleko zazpi herrialde desberdinetako hogeita hamar ekintzaileei, tartean euskal herritarrak. Bidaia talde txikietan egin zuten eta leku desberdinetatik, lurralde okupatuetan sartzeko hamaika oztopo jarriko zizkieten jakitun. Eta halaxe izan zen. Bata bestearen atzetik kanporatu zituzten azalpen handirik eman gabe. Astelehenean bertan, Aragoiko beste lau ekintzaile bota zituzten Aaiunen sartzen saiatu ostean. Beraien helburua sahararren testigantzak biltzea zen. Baina Marokok ez du kanpoko begiralerik nahi. «Kaleak aztoratzeko» helburu bakarrarekin joatea leporatu die.

Oztopoak oztopo, emakume sahararrek apirilaren 18tik 20ra antolatuta zuten bigarren nazioarteko biltzarra Aaiunen egitea lortu zuten, ordezkaritza oso-osorik ez zegoela salatuz. Izan ere, hogeita hamar bat kide falta ziren. Estatu espainoletik eta frantsesetik, Norvegiatik, Italiatik, Britaina Handitik, Tunisiatik eta Hego Sudanetik jasotako elkartasunezko mezuak eskertu zituzten Saharako Emakumeen Erresistentziaren Aldeko II. Nazioarteko Konferentziaren parte hartzaileek. Lurralde okupatuetan hilketak, bortxaketak, tortura, atxiloketak, bahiketak... ohikoak direla salatu zuten.

Ekimen honen testuinguruan, ehunka lagunek erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestazioa egin zuten. Interneteko Equipe Media atariak jakitera eman zuenez, polizia manifestarien kontra oldartu egin zen makilekin eta harriekin. Gutxienez bi zauritu egon ziren.

Gaur, Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluak Minursoren mandatua luzatzen duen ala ez erabaki beharko du. Benetan eraginkorra izan dadin, bere zereginen artean, giza eskubideen behaketa egotea onartu beharko lukete. Bestela, hankamotz jarraituko du eta errepresioak ez du etenik izango, benetako konponbidea are eta gehiago urrunduz.