Goi mailako aizkolariei ere iritsi zaie lehiatzen hasteko garaia
Aizkora zaleak zorioneko dira, izan ere, Tolosako apustuaz gain, Urrezko Aizkorako hiru saio ere izango dira egunotan. Gaur hasi eta astelehenera bitarte, hiru egunetan, saio bana izango da ikusgai eta gozagai.
Gaur hasiko da asteburu luze hau, eta maila nagusiko lehiaketan, Aramaioko Ibarra pilotalekuan izen handiak agertuko dira, 20.00etan, hor neurtuko baitira Donato Larretxea, Mikel Larrañaga eta Juanjo Lopez. Bakoitzak bost lan ezberdin egin beharko ditu, eta aurreneko biek egingo dute aurrera.
Saio honetan bigarren postua lortzen duen aizkolariak ez du atseden hartzeko beta handirik izango, etzi Gasteizen izango baitu saioa, 12.30ean, Armentian. Han, Felix Etxeberriaren eta Ander Erasunen aurka neurtu beharko du. Hemen ere aizkolari bakoitzak bost lan ezberdin egin beharko ditu, eta denetako denborak batu eta onenak dituenak irabaziko du. Aurreneko bi sailkatuek bakarrik lortuko dute aurrera egitea.
Bihar, berriz, Santutxun jokatuko da 23 urtez azpikoen aurreneko saioa, 12.30ean, eta bertan zortzi aizkolari lehiatuko dira. Oso saio polita izango da, hain zuzen, izena hartzen ari diren aizkolari gazteak arituko baitira aurrez aurre, eta saioa bera oso erakargarria iragartzen da.
Aizkolari hauek neurtuko dira Santutxun: Aritz Irazabal, Julen Larrea, Julen Alberdi, Joseba Arakama, Eneko Otaño, Eneko Saralegi, Iker Vicente, Gaizka Lopez eta David Naredo.
Lan laburrak izango dira, eta elkar kanporatuz joango dira. Hiru onenek lortuko dute aurrera egiteko txartela. Faboritoak aipatzea zaila izaten da, lan laburrak direlako, eta horrelakoetan ustekabeak ere asko izaten direlako.
Hala ere, maila nagusiko lanak ikusi ostean, badirudi hiru horien artean egoteko bi faboritoak Eneko Otaño eta Julen Alberdi izan daitezkeela, baina garbi dago inor ezin dela baztertu.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
