Jaime VALVERDE
KRITIKA antzerkia

Pozaren zilegitasuna, beharrezkoa

Theodor Adorno filosofo alemanak kezka hau planteatu zuen: posible da poesia idaztea Auschwitz-en ondoren? Han gertatutakoaren ostean, zilegi al da edertasuna munduan bilatu, oinazearen ukazioan erori gabe? Orobat, Metrokoadroka kolektiboa kezkatuta dago pozaren mekanismoekin: “Zergatik dantzatzen dute bosniarrek, ez badute arrazoirik dantzatzeko?” Bost lagun gela batean galdera horri erantzun nahian: aktore bat, musikari bat, margolari bat eta bi idazle, bakoitzak bere eremutik hitz eginez, diziplina guztiak nahastuz.

Bizi garen errealitate kontraesankor eta zatikatuari aurre egiteko, antzezlana ere zatikatu egiten da, esanahiak eta zentzuak biderkatzen direlarik. Ausarki, gure teatroan hain errotuta dagoen ildo narratibotik askatzen da obra, eta inprobisazioetan jatorri bide duten zenbait artefaktu performatiboren multzoa eskaintzen zaio ikusleari, zentzua bilatzeko -edo ez bilatzeko- ardura bere esku lagata. Eszenaratzeak antzezleen galderak proiektatzen ditu publikoarengan eta galdera berriak sortzen dira: Eta guri, bosniarrak izan gabe ere, bosniarrei gertatutakoa jakinda, zilegi al zaigu kantatzea, zilegi al zaigu pozik egotea besteen oinazearen aurrean?

Teatroak bere lengoaiei buruzko hausnarketa egiten du, eta bide batez, lengoaia horiek baliatuz, bere zalantza existentzialei heltzen saiatzen da boskotea. Izpiritu poetiko sendo eta erakargarri batek jartzen die oina testu, ekintza eta irudi guztiei. Umorea, musika eta margolaritza uztartzen dira laguntasun giro batean.

Kezka sozialak eta artistikoak lotuz, pozaren zilegitasunari buruzko gogoeta dramatiko bikaina proposatzen dute bost antzezleek: berritzailea, orekatua eta hunkigarria. Eta badirudi Adornoren galderari erantzun bat ematen diotela: oinazearen ondoren edertasuna bilatzea zilegi ez ezik, beharrezkoa ere bada, edertasuna ez baita oinazearen ukazioa, baizik eta beronen aringarririk lehenena.