Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Zenak senari eutsi

Udaberrian izan zen, Gernikakoa bezala, baina oraingoan lurretik eta baketsu. Portugalen izan ere. Militarrek, NATOren doktrinaren kontra, fusil puntan krabelinak ipini eta gerra-gurdiak kalera atera zituzten, udaberriko iraultzari bidea emateko. Hala ere, geroak erakutsi du iraultza ez dela egun bateko kontua, udaberrian izanda ere, abiapuntuan ere ez, eta krabelinak ihartu egiten direla, lur emankorraren ezean. Eta jakina, lorontzi bateko krabelinak sekula, santa bada ere, ez dira erreferente izango, are gutxiago ontzia plastikozkoa bada. Beste batzuek, ordea, arrosak hartu nahi izan dituzte iraultzaren seinale. Eta horrekin batera, arrosak berak munduan, Europan batez ere, desagertzear diren espezieen zerrenda buru jarri ere. Harrezkero, arrosek jaka mota baten papar-hegalean -eta urtean gutxitan gainera- baino ez dute aldeko habitata aurkitu. Are gehiago, jaka mota hori ere desagertzear dago, armairuko sitsen poderioz. Arrosa transgenikoak dira geratuko direnak! Eta jaka transgenikoak! Benetako arrosa bakarrak basamortukoak izango dira laster batean. Tira, harira, demontre! Sistema eraldatu, aurrerantz edo atzerantz, nahi izan duten guztiek ez dituzte loreak hartu erreferente. Batzuek txoriak nahiago izan dituzte, txio egiten ez dakiten txori mutuak, doktrinak doktrina, eta beren zezen-larruaren urdina antxetaz josi ere, txoritan desagertzear diren espezieen artean sartzeraino. Txoriburuak halakoak! Getsemani, Getsemani! Zer egin duten zure ortuko biodibertsitatearekin!

Hau kolpea! ezustean harrapatu nau albisteak! Arma eskuan lapurreta izan omen da Kutxabankeko zer batean! Jainkoarren! Bai, hemengo Kutxabanken, ez Sumatrako Bukitingiko batean. Jainkoa! Zuri-beltzeko irudiak pasatu zaizkit burualdetik, «altxa eskuak!» oihukatzen zutenekoak. Iragana zelakoan nengoen. Orainean diferentea zelako ustea nuen nik, sukurtsalera sartu eta zugana jotzen zutela, bestelako jaka motaz, boligrafoa eskuan «jaitsi eskuak...» eztiki esanez, eta eskua luzatuta esaldia amaitu ere «... eta sinatu!», eta gehitu «ez egin jaramonik atzeko bospasei orri horiei, letra txikiegia da, eta ez dago optikarik inguruan!». Eta zure harriduraren arrastoa aurpegian nabaritua, bizkarra leporaino igo eta zera «ulertu! Bank da Kutxa zena!». Zenak agintzen dio senari eusteko...