Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Hiru ideia

Aurreko astean nioen salgai dagoen umorea, bereziki, monopolizatuta dagoela, nagusiki gizonek maneiatzen duten heinean. Produktua sortzeko, lantzeko eta publiko aurrean aurkeztu eta gauzatzeko eran, nabarmena da maskulinotasunaren eskua, eskema zaharraren ukitu hori.

Oinarrian, bi ideia dituena, sinple bezain lotsagarriak. Bata, barneko haragizko irrikari eusteko gizonen ezintasuna, emakumeekiko euren desira erreprimitzeko ezgaitasuna. Bestea, emakumeoi, barne-barnean, gustatu egiten zaigula hala izatea, lausengatuak sentitzen garela. Kontzeptu horiek biak uztartu eta hamaika egoera irudikatzen eta antzezten dira. Gehienetan, gizona bera barregarri utzita, animalia txoriburu gizajoa balitz bezala, azken finean samurtasuna eragiten duena, bere ezintasunean nahastuta ikusirik. Emakumea, aldiz, gizajo horren ama lez irudikatzen da: hain ergela ez izaten irakatsi behar dio, errealitatera eta jokabide zuzenetara ekarri behar du, haren fantasiari mugak jarri, hau da: hezi egin behar du. Horrek ez du samurtasun edo sinpatia handiegirik eragiten, alderantzizkoa baizik.

Zentzu horretan, onartu beharra dago, tamalez, kontsumorako umore orokorra, salbuespenak salbuespen, ez dabilela jendartean benetan gertatzen denetik urrun. Izan ere, arestian aipatu bi ideia horiek tinko erroturik baitaude. Are okerrago: unibertsalak dira. Eta, esan bezala, nagusiki gizonek kontrolatzen dutenez ikuskizunen munduko ekoizpena, banaketa eta, finean, zirkuitu osoa, erosotasunez jarraitzen dutelako uztarketa hori esplotatzen. Ohikoa den neurrian saltzeko erraza izateaz gain, guztiok, ozenki onartuko ez badugu ere, batik bat emakumeok, identifikatuak sentitzen garelakoan. Noiz edo noiz alderdi batetik edo bestetik halakorik bizi izan dugulakoan. Eta, ziurrenik, hala da.

Kezkatzeko motiboa ez da horren guztiaren isla den ikuskizun edo esketx bat, baizik eta, batetik, horren sorkuntzarako iturburua, «gizonak halakoak dira eta kito» bizitza-legetzat, aldaezintzat eta ekidinezintzat joa eta, bestetik, iturburu hori ustiatzen jarraitzeko nahia, alegia, bestela izan daitekeela zabaltzeko inolako asmo eza. Kezkatzeko motiboa ez da sasi-umorezko produktu bakarra, baizik eta milaka horiek guztiak, hain zuzen horiek direla barrea eragiteko kontsumitzeko paratzen direnak.

Kezkagarria da, batez ere, ikuspuntu zehatz eta bakarra islatzen dutela. Azkenean, eskema zahar bezain arriskutsu berbera barnerarazten jarraitzen dutela. Emakumeok ahultzen gaituena: gure «ez» garbiari sinesgarritasuna kenduz; desiraren eta gizonekiko harremanen esparruan, subjektu pasibo bihurtuz, desira-objektu hutsak; besteren balizko jokabide mingarriei dagokienez, etengabe erne egon beharreko bizi-egoerara bultzatuz. Horren guztiaren azpian, finean, hirugarren kontzeptu bat dagoelako: emakumeok gizonak ulertu behar ditugu, haien ahultasunak, haien portaera guztiak; alderantziz, ordea, ezinezkoa da, ez dago emakumeak ulertzerik. Kezkagarriena da, egun, jendartearen algarak hiru ideia horietan oinarritzen jarraitzen duela. Algaratik aparte, zer dakarten konturatu ere egin gabe.