Jon LEUNDA
Aizkora | Apustua

Olasagastik ikasgaiak ematen jarraitzen du

Igeldoko aizkolari beteranoak beste erakustaldi bat eman eta ongi menderatu du Irazu.

Joxemari Olasagastik sasoi betean zegoela iragarri zuen pasa den astean, eta atzo hori baieztatu egin zuen. Igeldokoak berriro ere sekulako lana egin zuen, eta hilabete eta erdian bere bigarren garaipena erdietsi zuen, bi aizkolari gazteren aurka. Orain, nahi izanez gero, hirugarren bat jokatzeko aukera ere badauka, baina atzo garbi utzi zuen Azurmendik egindako deiari ez diola erantzungo.

Berriro ere sekulako erantzuna eman zuten zaleek, eta 1.200 ikusle inguru batu ziren Tolosako zezen plazan. Aizkolari bakoitzak hamabi oinbiko erdibitu behar zituen, eta Irazuk eraman zituen. Dirutan, 6.000 euro jokatu zituen bakoitzak. Olasagastik Etxebeste eta Laxaro izan zituen laguntzaile lanetan, eta, Irazuk, Labaka eta Zubeltzu.

Igeldoko aizkolariak beti kontrolpean izan zuen atzo jokatu zuen desafioa. Lehen enborra bakarrik bota zuen atzetik, baina hortik aurrera beti aurretik ibili zen, eta beti menpean izan zuen neurketa. Aurreneko enborrean bost segundoko tartea kendu zion Irazuk, baina bigarren egurraren amaieran 21 segundoko aldea zuen alde jada Olasagastik. Hirugarrengoan, berriz, Irazuk ia aurre hartu zion, nahiz eta Olasagastik bost segundoko aldeari eustea lortu zuen, bere aginteari eutsiz.

Olasagasti aurretik, baina tarte handiegirik gabe, iritsi ziren lan erdietara. Seigarrengoan Irazuk denbora asko pasatu zuen. Epaia itxi ere egin zitzaion, eta denbora dezente galdu zuen. Horren ostean, eta lan erdien amaieran, Olasagastik 50 segundoko zuloa kendu zion.

Lehen itzuliko azken enborrean indar dezente galdu zuen Irazuk, eta zazpigarrengoan, bigaren itzuliko aurrenekoan, ordaina jaso zuen, Olasagastik tarte handia zabaldu baitzion, ia bi minutu baitzituen alde Olasagastik. Zortzigarrengoan, alde hori gehitu egin zuen ia hiru minutura igo baitzen zulo hori. Beraz, eta Olasagastik bere lana ongi eramateko gai bazen, garbi zegoen apustua nora joango zen, nahiz eta zenbaiten artean oraindik zalantzak bazeuden.

Ondorengo bi enborretan Irazuk aurka zuen aldea apur bat laburtu zuen, eta minutu eta erdira gerturatzera ere iritsi zen, baina ordurako dena erabakita zegoen. Olasagasti ongi ikusten zen, atsedentxoak hartzeko tartea ere bazuen, eta horrelakoetan oso zaila izaten da Igeldokoa menderatzea.

Azkeneko enborrera bi minututik gorako aldearekin sartu zen beteranoa, eta bere lana bizi-bizi egin zuen, berak ohikoa duen moduan. Irazuk, berriz, ikusi zuen garaipena lortzeko inongo aukerarik ez zuela, eta bere erritmoan aritu zen lana bukatzeko asmoarekin. Jendearen txalo artean amaitu zituen bere lanak Igeldokoak, eta ordubete pasatxoan egin zituen egin beharrekoak.

Irazuk, berriz, ia beste bost minutu gehiago behar izan zituen bere eginbeharrak egiteko, baina Zizurkilgoak ere txalo artean amaitu zituen bere lanak. Joxemari Olasagastik, beste ikasgai bat eman zuen atzo. 55 urterekin sasoi bikainean jarraitzen du. Hilabete eta erdian bi apustu handi jokatu eta irabazteko gai izan da, bera baino askoz ere gazteagoak diren bi aizkolariren aurka, eta prestakuntza bikaina ere erakutsi du. Fresko ikusi zen atzo saio osoan zehar, eta amaitu bezain laster denekin hitz egiteko moduan zegoen. Bere semearen besarkada jaso zuen lehenengo, eta ondoren, Irazuk bere lanak amaitu zituenean, komunikabideekin hitz egiteko ere ez zuen izan inolako arazorik, fresko baitzegoen.

Jon Irazuk ere ez zuen lan txarra egin, baina ofizioaren aldetik alde handia dago, eta hori normala ere bada, zizurkildarrak oraindik bost urte besterik ez baitaramatza aizkoraren munduan. Hala ere, gaia badauka, eta denbora ere badauka hobetzen jarraitzeko, eta seguruenik ere etorkizunean zeresana emango duen aizkolaria izango da Jon Irazu.

Enborrez enbor, hauek izan ziren Joxemari Olasagastiren denborak: 4.16, 9.11, 13.52, 18.34, 23.55, 29.40, 34.29, 39.50, 45.37, 50.02, 57.50 eta 64.36. Jon Irazurenak, berriz, honako hauek izan ziren: 4.11, 9.32, 13.57, 19.00, 24.42, 30.30, 36.40, 42.37, 47.30, 53.35, 60.34 eta 69.33.

Olasagasti. «Gustura aritu naiz lanean»

Joxemari Olasagasti gustura zegoen atzo egin zuen lanarekin, irabazteaz gain, emandako itxura ere paregabea izan baitzen. «Gustura aritu naiz lanean. Hasieran urduri samar atera naiz, hemen plazara ateratakoan nerbioak alde batera uztea ezinezkoa izaten da, baina gero ongi eta gustura aritu naiz lanean», esan zuen igeldotarrak. «Bera ongi hasi da, baina gero niri jarraitu nahian uste dut bete egin dela», erantsi zuen Joxemarik.

Enborrak ez ziren txarrak, baina bai eutsi samarrak, astean zehar Irazuk iragarri zuen moduan, eta horrela zirela onartu zuen Olasagastik. «Jonek astean zehar iragarri zuen enbor eutsiak izango zirela, eta horrela izan dira. Ez dira Arriak ekarritakoak bezalakoak izan, baina bai eman beharrekoak. Hala ere ongi prestatuta etorri naiz, eta ez dut arazorik izan», aitortu zuen Olasagastik.

Azurmendik botatako desafioari ez diola erantzungo ere esan zuen. «Une honetan atseden ere hartu nahi dut. Bi apustu jokatu ditut, eta orain apur bat lasaitu nahi dut. Erakustaldi mordo bat ere badauzkat hitzartuta eta txapelketak ere badatoz. Oraingoz ez dut apusturik egingo, eta ez naiz joango Azurmendiren bilerara», adierazi zuen Olasagastik.

«Dudan guztia eman dut, ezin diot nire buruari gehiago eskatu. Egindako lanarekin gustura geratu naiz, galtzeak beti pena ematen duen arren», esan zuen Jon Irazuk. «Ia saio osoan bera aurretik ibili da, eta atzetik aritzen denean ez da erraza izaten aurrera egitea. Hala ere, ez daukat egindakoarekin kexarik», gehitu zuen Zizurkilgoak.

Aurrera begira, atzokoak ez zuela eraginik izango ere adierazi zuen Jonek. «Jokatu aurretik ere bagenekien galtzeko arriskua bazegoela. Garbi dago gogor entrenatzen jarraitu beharra dagoela goian dabiltzan aizkolari horiek mendean hartu ahal izateko», esan zuen. J.L.