«Oraindik beste urte pare batez, behintzat, jokatzen jarraitu nahiko nuke»
Unai Alba atezain gipuzkoarra Bigarren B Mailako Ontiyent taldean ari da jokatzen. Jadanik baditu 35 urte, eta bere kirol ibilbidea oso luzea da. Oiartzuarra, bere herrian hasi zen jokatzen, baina gerora Eibar, Real Union, Zestoa, Lagun Onak, Barakaldo, Athletic, Hercules, Orihuela eta Alcoyano izan dira bere taldeak Ontiyentera iritsi aurretik. Oraindik beste urte pare bat gehiago jokatu nahi omen ditu.

Nahiz eta bera denboraldiaren bigarren zati bikaina egiten ari den, ez da sasoi ona Albarentzat. Udan talderik gabe geratu zen, eta abenduan iritsi zen Ontiyentera. Bere lana oso ona izan den arren, ezin izan du jaitsiera galarazi, eta oraindik Liga amaitu ez den arren, bere taldea Hirugarren Mailara jaitsita dago.
Ezin esan denboraldi bikaina izaten ari denik, ezta?
Ez, baina Ontiyentera etorri nintzenean banekien nora nentorren. Ni abenduan iritsi nintzen, eta zortzi puntu besterik ez zituen. Gerora izan ditugu gure aukerak, baina ez ditugu baliatu, eta jadanik Hirugarren Mailara jaitsita gaude.
Pertsonalki hobeto joan al da?
Bai. Etorri nintzenetik dena jokatu dut orain dela hilabetera arte. Zaintiratu bat izan nuen, eta behar baino lehenago hasi nintzen jokatzen. Taldeak nire beharra omen zuen, eta gehiegi behartu nuen. Gero berriro ere min hartu nuen, eta orain geldirik nago. Gainerakoan, gauzak ongi joan zaizkit. Entrenatzaileak konfiantza osoa dauka, eta ni berriz oraindik fisikoki eta teknikoki ongi nago, eta ilusio handiarekin.
Uda zaila izan al zen?
Bai. Eskaintza zain egon nintzen, baina ez nuen bat bera ere izan. Gero, epea amaitu zenean, oso zaila izaten da aurrera egitea. Nire ustez, pasa den urtea ona egin nuen, baina inork ez ninduen nahi, baina aurrera egitea erabaki nuen, nahiz eta entrenamendu asko bakarrik egin behar izan ditudan. Abenduan Ontiyenten aukera etorri zen, baina ez pentsa gehiago izan nuenik.
Uzteko pentsamendurik izan al zenuen?
Hasieran bai. Azkenean ez da lau edo bost hilabete talderik gabe egotea bakarrik, gero ere ez dakizu jokatzeko aukerarik izango duzun, eta hasieran zaila izan zen, baina gero aurrera egitea erabaki nuen, eta zorionez bigarren zati osoa jokatzeko modua izan dut.
Iaz Alcoyanon egin zenuen denboraldia eginda, ez al zen han jarraitzeko aukerarik izan?
Gauza arraroa izan zen hura. Ez nuen eskaintza zehatzik jaso. Egin zidaten eskaintza, eta proposamen moduko bat Eibarren aurka Bigarren Mailarako igoera fasea hasi aurretik izan zen, igotzen baginen, eta horrelako gauzekin. Egia esan, ez nuen horrelakorik espero. Iaz dena jokatu nuen Alcoyanon, bai Liga eta bai Kopa. Denboraldi oso ona atera zitzaidan, baina ez nuen esker handiegirik jaso. Ezin esan Alcoyano nirekin ongi portatu zenik.
Etxera itzultzeko aukerarik izan al zenuen?
Ez. Hemen, Valentzia aldean, jarraitzeko gogoa neukan, baina etxera itzultzeko ere prest nengoen, eta horrela adierazi nion nire ordezkariari, baina handik ere ez nuen eskaintza bakar bat ere jaso.
Etorkizuna nola ikusten duzu?
Zaila. Oraindik ongi nago, ilusioarekin, eta nire asmoa gutxienez beste bi urte ere jarraitzea da, baina horretarako taldea bilatu beharko dut. Nik nire kabuz oraindik ez dut utzi nahi, baina ez bada ezer ateratzen, ez zait beste aukerarik geratuko. Pasa den urtean egin nuen denboraldia eginda, ez bazitzaidan ezer atera, pentsa aurten zer gerta daitekeen, baina ni oraindik itxaropentsu nago.
Valentzia aldean Hirugarren Mailan talde dezente daude profesionalak direnak. Mailaz jaisteko arazorik bai?
Ez. Garbi daukat orain Bigarren Mailan jokatzea ia ezinezkoa dela, eta Bigarren B Mailan aukerarik ez bada, baina Hirugarren Mailan bai, nik ez daukat maila horretan jarraitzeko arazorik. Valentzia aldean maila horretan talde profesional onak daude, eta arazorik gabe jokatuko nuke.
Diru aldetik arazorik izan al duzue aurten?
Ez dugu atzerapen handirik izan. Zerbait beti izan da, baina beti kobratu dugu. Orain bi hilabete geratzen zaizkigu kobratzeko, eta negoziatzen ari gara horiek nola kobratu. Gauzak nola dauden ikusita, ezin esan alde horretatik gaizki gaudenik.
Nola ikusten dituzu zuen multzoko taldeak Bigarren Mailarako igoera faseari begira?
Ezustea Llagosterak eta Balearesek eman dute, aurrekontuak asko jaitsi baitituzte. Hala ere, niretzat Nastic, Lleida eta Alcoyano dira talderik onenak. Beraz, Sestaori eta Athletic B-ri, igoera fasea jokatzeko aukerarik gehien dituzten bi euskal taldeei, haien kontra jokatzen badute, kontuz ibiltzeko esango nieke. Dena dela, kanporaketa horiek oso bereziak dira, asko egoten da jokoan, eta edozer gauza gerta daiteke, baina hiru hauek zailak izango dira.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
