Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Ez euri, ez ateri

Ez euri, ez ateriko egun hauetan denbora gehiago izan dut, ohikoa baino, egunkariak gainbegiratzeko. Hara! normalean atzekoz aurrera begiratzen baditut ere, egunotan aurrekoz atzera begiratzeko patxada hartu dut, jakinda ere politika orriekin egingo nuela topo hasi eta segituan. Edozelan ere, batekoz bestera edo bestekoz batera eginda ere, potoak nonahi berripaperetako orriotan, doinua aparte utzita. Ez da harritzekoa gero berrien artean euskal gastronomia hartzen ari den protagonismoa, kontuan hartuta euskal politikaren osagai asko, transgenikoak direnak, kasurako, belarrira behin eta berriz datozela berakatza behin eta berriz ahora etorri modura. Hortaz, ganorazko buru gehiago du lurretiko berakatzak ofiziotiko politikak baino. Ama, ama! Noizko benetako sukaldeak euskal politikan? Berton ekoiztutako produktuak mahai gainean, jakinda! Bertoko egurrarekin egindako mahaia, noski!.

Bai, ama, zenbat gauza berri ez ote dugun dastatu behar! Are gehiago, belarriak aspertuta dauden honetan, eta ezkoa harri eginda. Horra!, albisteak albiste eta argazkiak argazki, Gipuzkoako Batzar Nagusietako kideek aukera izan zuten lehengoan tratatutako errefusak usaimenez dastatzeko. Bai, errefusen bestelako kudeaketa printzipioz, era askotako printzipioez gainera, errefusatzen dutenek sudurzuloak zabaldu zituzten bestelako gozamena ezagutzeko. Itxura batean, hatsa usain bilakatu zitzaien. Ea animatzen diren eta doinua aldatu!!. Tira, zulo batzuk behintzat zabalduak! Beste hainbat falta dira oraindik, hitzak hitz.

Tira, demontre, harira! politiken orrira! Euskadiko eta Kataluniako gobernu-maizterrek buruz burukoa izan dute egunotan Ajuria Enean. Ezkutuko hartu-emana izan zen, antza, kasuala antzera. Nonbait bata etxetik paseoan zegoela bestearekin egin zuen topo pasilloan eta aulki bana hartuta solasean hasi ziren, sukaldean, denbora betetze aldera. Gero leitutakoa gogoan, buruz buru aritu ei ziren, buru-belarri, euren buruhausteei bide eman nahian edo. Nago ni, hartu-eman horretan, batak zeukala gehiago hartzeko, eta besteak emateko. Azken finean, gaur gaurkoz, buruhauste horiek beste batzuena baldintzatzeko ez badute balio, jai dugu! Lana egin behar badugu ere! Denborak argituko du, baina momentuz auskalo! Hain da diskretua diskrezioa!.