Euskal ordezkariak bikain Espainiako Kopan
Apirilaren 26 eta 27an, Zaragozan, lehen hitzordua jokatu zen. Irati Anda eta Mikel Linazisoro gailendu ziren. Mikel Inorizak zilarra sinatu zuen, eta Zuriñe Arrue, Gorka Ruiz eta Mirian Mulasek brontzea.
Euskal Mendizale Federazioak atondutako euskal selekzioko ordezkariak bikain hasi dira. Bai, lehen hitzordua apirilaren 26 eta 27an Zaragozan izan zuten; hain zuzen, Fedme-k antolatutako Espainiako Kopa edo erregulartasunaren zirkuitua. Eta bikain hasi zirela diogu, euskal eskalatzaileek sei podium sinatu zituztelako. Bi garaipen: Irati Anda eta Mikel Linazisororenak. Bigarren postu bat: Mikel Inorizarena. Eta hiru hirugarren postu: Zuriñe Arrue, Miriam Mulas eta Gorka Ruizena. Eta horrez guztiaz gain, ia ordezkari guztiak finaletan lehiatu ziren.
Euskal selekzioaren hautatzaile Josean Mulas pozarren zegoen, lehiatu ziren eskalatzaileek, emaitza ederrak poltsikoratzeaz gain, oro har oso maila txukuna eskaini zutelako. Aurtengo hitzorduetarako Mulasek iazko ordezkari gehienak alboan izan ditu, baita berri batzuk ere; tartean, Gorka Karapeto beteranoa.
Hain zuzen, lehen lehia egunean seniorrak «borrokatu» ziren. Zailtasuneko lehen hitzordu honetan hiru euskal ekipatzailek jardun zuten: Patxi Arozenak, Carlos Garciak eta Patxi Usobiagak. Bada, nesketan, bide horietan ondoen moldatu zena Irati Anda izan zen. Finalerdietako bidea kateatzeaz gain, finalekoan oso indartsu lehiatu zen. Zuriñe Arrue, berriz, hirugarrena izan zen; Espainiako Kopan lehen podiuma lortu zuen. Eta Ane Mujika zortzigarren sailkatu zen.
Nesketan bezala, mutiletan ere lehiakide gogor batzuek ez zuten parte hartu. Ramon Julian katalana aise gailendu zen. Iñaki Arantzamendi eta Gorka Karapeto bosgarren eta seigarren izan ziren, hurrenez hurren.
78 gazte!
Seniorretan 29 parte-hartzaile izan ziren bitartean, gazte mailetan 78k hartu zuten parte. 20 urtez azpikoetan, adibidez, Mikel Inorizak bigarren postua lortu zuen, eta Miriam Mulasek hirugarrena. Mikel Madinabeitia laugarrena izan zen, eta Julen Berrueko seigarrena.
18 urtez azpikoen mailan, bestalde, beste podium bat iritsi zen. Gorka Ruizena izan zen, brontzea sinatu ondoren. Haren atzetik Bittor Esparta sailkatu zen. Andrea de Goñik (Nafarroako federazioarekin lehiatu zen) zazpigarren postua sinatu zuen, eta Irati Musituk zortzigarrena.
Eta 16 urtez azpikoetan, azkenik, lehen postua Mikel Linazisororentzat izan zen. Ez zuen hutsik egin, eta finalerdietako zein finaleko bideak kateatzen bakarra izan zen. Andoni Esparta laugarren postuan sailkatu zen, Eneko Carretero zazpigarrenean, Muriel Ruiz de Larramendi seigarrenean (nafar federazioa) eta Aitor Cilveti zortzigarrenean. Hurrengo hitzordua heldu den asteburuan izango dute, Bartzelonan.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
