Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Arrasterako sareak zabal

Aurtengo eulien burrunba aldia belarrien inguruan hasia den honetan, horra! kanpaina! Ez, ez nago antxoarenaz. Lehorreko kanpaina da egunotan hasia dena. Europa zer horren parlamentua berriztekoa. Edozelan ere, boto-arrantza nonahi, alearen tamainari erreparatu gabe; era guztietako aparailuak eskura kuotarik ez duen arrantzu-modu honetan. Arrasterako sare estuak lehorreko kaleetan zabal, erroldako hautaketarik gabeko aleak biltzeko prest. Hauteskundeen biharamunean ale guztiak kareletik bota, lurrera bota ere, euli-kaka modura, denbora baterako sarean nahastuak, hurrengo arrantzaldirako beta etorri arte. Ofiziozko kapitainen garaia da oraingoa, zubitik agindu ematekoa, bulegoen eremu bare-barean norabidea galdu gabe doazen yateetatik erreskatatutakoak aldean dauzkatela, lagun. Amen. Total, kanpaina, antxoarena ez, hasi berria den arren, ni behintzat sinistuta nago, guztiz: ofiziozko politikariak anisakisak hartuta daude. Arrazoia zuten adituek, Europako gaitzak Grezian du sorburu! Horra anisakis horrena, kasurako! Kawen!

Bada bai, begira, ni telebista aurrean paratu, trastea piztuta dagoela, jakina, albistegiko hauteskundeen iragarki-tartean sartu eta askoren mezu antzeko zera entzunda botagale hasten naiz, botaguraz edo, are gehiago, botaka ere egiten dut sarri. Hau kolpea! boto hartzaile etorri eta bota hartzaile joan. Bai, horien greziarrak kolonizatu edo ez dakit nik zer egiten nauen, baina gorputzaldi txarrean uzten nau denbora baterako. Ama, ama! hainbeste joan-etorri komun aldera, antxintxiketan gehienetan, kanpaina-aldi honetan nire ur-kontsumoa neurriz kanpokoa izango da! Eta hain da inportantea neurria! Hamaika entzuteko gara gero! Europioa bera elementuen taula periodikotik ateratzear omen dago, eta ulertzekoa da, oso, gizajoa! Total, hau- teskunde-barruti bakarra zezen-larru osorako, maiatzaren hogeita bostekoa eliza-barrutika egingo balitz sikiera! Amen. Klub pribatua da Europa, atarian neonezko argi gorrixka eta guzti, eta marx-zale bezala Grouchok kluben gainean esana du gogoan. Batasuna ere esaten diote; ez dakit tasun hori nondik datorren, baina bat? hori bai misterioa. Amen. Hori bai, neurriko pragmatismo eraldatzailearen izenean, eta euliak euli, ni maiatzaren botorduan hantxe, boto emaile. Bidearen koherentziaz.