Nagore BELASTEGI DONOSTIA

Cesc Gelaberten «Gelajauziak» dantzatuko ditu Kukai taldeak

Kukai dantza konpainia Cesc Gelabert koreografo katalanarekin batera aritu da bere azken ikuskizuna prestatzen. Egun hauetan San Telmo museoan ari dira entseatzen eta nahi duenak doan ikusi ahal izango ditu dantzariak lanean bihar eta etzi. Ikuskizunaren estreinaldi ofiziala Leioako Umore Azokan izango da datorren ostiralean. Kukai eta Gelabertekin batera, Nestor Basterretxea artista, Aiko taldea eta Iraia Oiartzabal diseinatzailea aritu dira.

Nestor Basterretxearen eskultura baten inguruan dantzatuko dira Kukai konpainiako kideak «Gelajauziak» ikuskizunean, Leioako Umore Azokaren barruan ostiralean aurkeztuko duten lanean. Hori osatzeko, eskultorearen laguntza jasotzeaz gain, Cesc Gelabert koreografo katalanarena, Iraia Oiartzabal diseinatzailearena eta Aiko taldeko Sabin Bikandi txistulariarena jaso dute.

Jon Maya konpainiako dantzari eta sortzaileak atzo eguerdian azaldu bezala, «kaleko ikuskizuna da» eta, ohi bezala, euskal dantza tradizionala hartu dute oinarri gisa. «Bakoitzak bere ekarpena egin du kontzeptu beretik abiatuta. Gelaberten eta Kukairen bateratzea da emaitza», esan zuen Mayak.

Gelaberti dagokionez, berak aipatu zuen ez dagoela dantza pururik baina denak desberdinak direla. «Leku bakoitzak bere izaera dauka. Zoragarria da lantalde honekin aritzea leku batekoak direlako eta, dantza nahastu arren, izaera handia du», adierazi zuen. Honen ustez, dantzari hauek musikarekin duten pultsazioa ez da berezkoa; 3-4 urte zituztenetik dantza praktikatzen aritu dira eta horregatik apenas berotu gabe pauso zehatzak emateko gai dira, denak batera.

Ikuskizunean Nestor Basterretxearen Kosmogonika bildumako «Akelarre» piezaren kopia bat kokatzen dute erdigunean -herriz herri mugituko dutena- eta inguruan mutilak dantzatzen dira. Jantziak ilunak eta zurrunak dira, baina euskal dantzako jantzi tradizionalen elementu batzuk daramatzate: gona, txalekoa, zapia, txapela... jantziak osatzeko lana Iraia Oiartzabal diseinatzaileak sortu ditu. «Lehen aldia da dantza ikuskizun baterako jantziak egiten ditudala eta erronka izan da, baina erronka erraza, erabakiak hartzeko eskubidea eman didatelako -azaldu zuen- oihalak hautatzean kontuan hartu behar izan dut dantzarako direla».

Dantza pausoek ere euskal tradizioz kanpoko zaporea dute, baina nabari da euskal dantzariak direla, pauso oso ezagunez osatuta dagoelako pieza.

Nahasketa horren bidez koreografo katalanak helburu bat lortu nahi du: euskal dantza ikustera ohituta daudenen ikuspuntua berritzea gustura ikus dezaten berriro. «Euskal dantzari buruz ikasi behar izan dut eta nire pauso batzuk, nire jauziak, gehitu ditut. Gertatzen ari zena ulertzen lagundu didate eta dantza mota hori zabaltzen saiatu naiz», adierazi zuen. «Niretzat folklorearen zeregina pultsazio herrikoiak berreskuratzea da. Artea esna gaudenean kolektibo batean sortzen den amets bat da. Magia herrikoi hori sortzen saiatu naiz», azaldu zuen bere koreografiari buruz.

Musikan ere nahasketa ugari daude, erroan euskal musika badago ere (txistuak protagonismo berezia dauka). Sabin Bikandi Aiko taldeko kideak azaldutakoaren arabera, «sarritan tradizionaltzat hartzen ditugun ikuskizun asko baino tradizionalagoa da honako lana funtsean». Bere lana Cesc Gelabertek esandakoarekin oso lotua egon da, gertutik jarraitu baitu, eta Bikandiri asko gustatu zaio honela aritzea. «Esaten badidate beraiekin Japoniara edota Kongoko gerrara joateko, banoa», aipatu zuen konbentzituta.

Basterretxea zain dute

Juan Pablo Zabala, Basterretxearen laguna, eskultorearen izenean mintzatu zen. «Ezin izan du etorri, baina espero dut Hondarribian maiatzaren 18an eskainiko duten emanaldira joan ahal izatea, ikuskizun hau gertutik jarraitzen ari delako. Ezin izango balu, dantzariek hitzeman diote bere etxean dantzatuko dutela».

Ana Lopez Leioako Umore Azokako zuzendaria ere emanaldiaren aurkezpenean izan zen San Telmo museoan, eta onartu zuen «plazera» dela Errenteriako taldea bertan izatea. «Uste dut Kukaik ekoiztu dituen kale ikuskizun guztiak aurkeztu dituela Umore Azokan eta aurten ere bertan izango da. Jaialdian giza kalitatea zein kalitate estetikoa kontuan hartzen dugu eta nazioarteko taldeak ditugun arren, Euskal Herrikoei babesa ematen diegu», azpimarratu zuen Lopezek.

Leioara joan aurretik, San Telmon izango dira entseatzen bihar eta etzi, eta herritar guztiak gerturatzera gonbidatu nahi dituzte entsegu irekiak eta doakoak izango direlako. Gainera, 12.00etan museoaren bisitarekin batera entsegu nagusia ikusteko aukera izango da. Leioatik eta Hondarribitik pasa ostean, Euskal Herriko hainbat herritan arituko dira.