EUROPAKO HAUTESKUNDEAK

PP Beran, euri tanta bat bezala galduta

«Gipuzkoarra naiz, euskalduna, espainola, europarra. Eta, horri esker, gehiago naiz. PPkoa izatea beti izango da bakarrik, ur tanta bat bezala galduta egotea baino hobea», defendatu zuen Arantza Quirogak Beran, herritar bat ere erakarri ez zuen ekitaldian, benetako euri tanta alderdiaren bisita bera izan zela ohartu gabe.

PPko kideek gustuko agertokia dute Bera kanpainetan. Bertze hauteskunde batzuetan ere izan dira Bortziri alde honetan. Bitxia iruditzen ahal zaio jendeari EAEko PPko presidenteak ekitaldia Nafarroan egitea, Enrique Martin PPNko buruak eta Pablo Zalba PPko eurodiputatuak lagunduta, hitzaldian Lapurdiren hurbiltasuna aipatuz gainera, eurek bertan zatitzen duten Euskal Herriaren puskak elkartuz. «Zergatik Beran?», galdetu zuen Quirogak. Eta hala erantzun zuen: «Inork ezin du ezer lortu berak bakarrik. Elkarlanean aritu ezean, galduta zaude».

Arrazoi batengatik ala bertzeagatik, Isabel Carrasco Leongo presidentea tiroz hil zutenean Nafarroa iparraldeko herri honetan aurreikusita zuten agerraldia bertan behera gelditu eta justu astebete geroago, berriro deitu nahi izan zituzten alderdiko ordezkari eta militanteak bertara.

Kide dezente bildu ziren Herriko Plazan. Lehen aipatutakoez gain, han ziren Zoe Nubla Barakaldoko zinegotzia, Juan Carlos Cano Gipuzkoako batzarkidea, Vanessa Velez Lasarte-Oriako Udaleko ordezkaria... Berako herrian PPk duen zinegotzi bakarrak, Juan Losa Ocariz donostiarrak, egin zien ongietorria. Eurak aunitz eta bizkartzain eta kazetariak ere bai, tartean euskarazko adierazpenen bila zebilen Xorroxin eskualdeko irratikoa. Herritarrik ez zen inon ageri, ordea.

Plazara goititzeko eskaileren bazterreko obretako langileek, egiten ari zirena utzi gabe, zerbait komentatu zuten PPko segizioa pasatu zenean. Erdi irekitako atetik, udal langileak ikusten ziren herriko etxeko harreran lanean, eta pentsa daiteke hauek ere txutxu-mutxuren bat izanen zutela ahotan, baina ez zen inor atera ezohiko bisitariei harrera egitera.

Plazan pixka batean berriketan egon eta gero, elizako kanpaiak hamabi eta erdiak jotzean ekin zioten mitinari. Justu orduantxe hasi ziren erortzen euri tantak eta aterpean babestu ziren hizlariak.

Eguraldia nahasia zegoen eta ekitaldiaren amaieran atertu zuen berriz, PPkoek argazki batzuk egin eta Churrut hotelerako bidea hartu zutenean. Bidean zihoazela, beratarren batekin gurutzatu ziren, harridura edo kuriositatea sortuz. Bertzerik ez. Inguruko altzairuaren industria eta hau sustatzeko Europako Plana defendatu zituzten, baina langileengandik urrun.