M. I.
ZIENTZIA

Dibertituz zientzia ikasiko dute Artziniegako haurrek

Iaz jaio ziren Artzientzia zientzia jardunaldiak Artziniegan, Udalaren ekimenez, dibertsioa eta jakintza elkartuta. Aurreneko edizioa arrakastatsua izan zen, harrera hagitz ona izan zuen herritarren artean, eta aurten bigarrenez eginen dute, joan den urtean bezala haurrei eta familiei zuzenduta eta adin tarte bakoitzarentzat ekintzak ongi definituta: tailer batzuk 3 eta 5 arteko umeentzat izanen dira, bertzeak 6-11 artekoentzat eta azkenak 12 eta 15 urte bitarteko gaztetxoentzat. Ezagutzak egokitzea da ideia.

Aiaraldeko herri honetako alkateak, Agurtzane Llanok, azaldu duenez, tailerrak Etnografia Museoan eginen dituzte, bost egunetan banatuta. Lehendabizikoa larunbat honetan bertan izanen da. Txikienek pilota saltokariak sortuko dituzte, handixeagoek konstelazio bat, eta nagusienak atomoekin ibiliko dira lanean. Eraikitzen dutena etxera eramanen dute. Hartara, ikusten dutenean, ikasitakoaz oroituko dira.

Artzientziaren bigarren eguna ekainaren 7a izanen da. 5 urte arteko haurrek intsektuen ezaugarriak ezagutuko dituzte. Adibidez, intsektuen eta pertsonen begien arteko ezberdintasunak aztertuko dituzte. 6 urtetik aurrerakoek argi zuria sortuko dute Newtonen koloreen gutunaren bidez, eta argiak dituen osagaiak deskubrituko dituzte. 12 urte baino gehiagokoek, berriz, energia izanen dute gaia. Gure bizitzako ekintza guztietan dagoela ikasiko dute, eta nola transformatzen den eta nola aurreztu daitekeen ere ikusiko dute. Tailerrak bukatu eta hurrengo hitzordua ekainaren 21ean izanen da. Paleontologo batek dinosauroak zein izan ziren oroituko du, ze motatakoak ziren, nola bizi ziren... Galdera bat ere planteatuko du: benetan desagertu al ziren?

Ekainaren 27an, azkenik, ornitologo talde batek inguruko hegazti ohikoenak aurkeztuko ditu eta euren kantuen bidez bereizten erakutsi. Hurrengo eguneko mendi ibilaldian, belarriak tente jarri eta soinuak identifikatzen saiatuko dira. Alkateak nabarmendu du ekintza guztiak doan eskainiko dituztela eta aurrekontu xumearekin kalitatezko egitaraua osatu dutela. Jardunaldiekin lotuta, irakurgaien gida bat prestatu dute ikastetxeetan banatzeko eta familiei ere seme-alabei tailerretan gai bat gustatu bazaie etxean sakontzeko aukera emateko. Liburutegian eskuragarri egonen dira. Tailerrak mugatuak dira eta Artziniegakoek izanen dute lehentasuna; hitzaldietan eta txangoan, ez dago mugarik. Izena eman nahi dutenek aski dute udaletxetik pasatzea edo bertara deitzea, 945 39 63 53 zenbakira.