Iker Bizkarguenaga
Kazetaria
TXOKOTIK

Aupa gorritxoak!

Heldu da eguna. Ez dut esango denok espero genuen eguna, ziur asko, baten bat ez baitzen enteratuko gaur hauteskundeak direla, baina bai askok gorriz markatuta zeukatena. Kanpaina bukatu da, jadanik ezin da botorik eskatu, hautetsontziak ireki dira. Alea jacta est.

Eta nola joan da kontua? Hotz samar, egia esan, batez ere hasieran, nahiz eta gero epeltzen joan den, Sestaoko alkateak erretzeraino. Azken auzi honetaz esan beharrekoak esan dira orrialdeotan eta egunkariko papera garestia da berari zutabea eskaintzeko, baina uste dut herri honek gai honi buruz hausnarketa sakona egin behar duela, ez baitira gutxi izan Bergararen hitzak eta ekintzak ulertu/onartu/justifikatu dituztenak. Hori bai, euskaldunak ez gara arrazistak, delinkuenteekin intoleranteak bakarrik. Aizue, delinkuenteak gure dirua inora ez doan zubi bat eraikitzeko erabiltzen dutenak dira, jendea segurtasun neurririk gabe lan egitera behartzen dutenak, zergak ordaintzen ez dituztenak, langileak kaleratu eta lantegia beste leku batera eramaten dutenak. Baina horiek ez dute erroldatzeko arazorik izango, noski.

Kanpainara itzulitza, esan bezala, jende gutxitxo ekitaldietan eta abstentzioa sekulakoa izango den susmoa. Normala omen da, Europako instituzioak urrun ikusten ditugulako, kapitalaren menpe daudelako eta botoarekin ezer aldatzea zaila omen delako. Kasu honetan ere ez dut esango ados nagoenik. Izan ere, ataka horretan jarrita, onartu beharko dugu AHTren kontra egin diren hamaika mobilizazioek ez dutela obra erraldoi hori geldiarazi edo aldatu, eta asumitu beharko dugu, baita ere, azken urteetan herri honetan egin diren greba orokorrek ez dutela lortu langileon kontrako erreformak geldiaraztea. Horrek mobilizazioak edo grebak antzuak direla esan nahi al du? Ez horixe, horrek esan nahi du oraindik greba eta mobilizazio gehiago egin behar direla, eta, ziur asko, borroka molde berriak bilatu eta egikaritu ere bai.

Hauteskundeekin antzeko zerbait gertatzen da. Nik botoa borroka tresnatzat ulertu dut beti, borroka orokor batean ezinbestekoa den tresna, azken urteetan euskal herritar askori lapurtu nahi izan diotena, gainera. Eta horrelaxe izaten jarraitzen du, berdin dio ze hauteskunde diren.

Bestetik, mordoa dira iragan aste osoa deprimituta eman duten Osasunazaleak, eta badakit horietako askok poz handia har lezaketela gaur gauean, emaitzaren arabera. Nik ez nuke nahi nafar bat ere nire erruz triste egotea, eta hori ere bada nahiko arrazoi... beraz, aupa gorritxoak!