Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Bertoko eta freskoa, kolpea!

Europa. Aurre-kanpaina guztiek dute kanpaina-ostekoa eta gaur gabez hortxe ibiliko dira, hemen eta han, kalkulagailuen teklak urtzeko zorian, ehunekoak gora eta behera, eserlekurainoko pasillo-tartea zehaztu minean. Azken finean, halako kanpainetan, antxoarenean ez bezala, ehunekoak dira helburu, ale-kopuruaren askoz gainetik. Horixe ehunekoek duten abantaila, berdin da zenbat herritar erroldako bihurtuko diren gaur boto-emaile, Europako Parlamentuko eserleku guztiak beteko dira bihar, ehuneko ehunean bete ere. Amen. Bada bai, kanpaina honetan ez da giro izan, antza inon ere ez, Italian salbu, hantxe Giro bakarra. Baina hemen apenas, Euskal Herriko Itzulia izan zenetik giro gutxi, Tourraren giroa ingurura berriz itzuli artean behintzat; tartean Garoñako itzulia izan badaitekeen arren!. Amen.

Tira, Europaren harira! Hauteskunde-aldi honetan ohikoa dena izan da; horrexegatik da ohikoa, diot nik. Horra, Asiako Ekialdean estatu-kolpea; nonbait neurriko estatu demokratikoak sendotzeko askoz ere arinagoa, eraginkorragoa, eta merkeagoa da halako kolpe bat ematea, di-da, hauteskunde prozesu luze batean sartzea baino. Gainera, horrela eginda uniformeen etiketak aireztatu egiten dira aldizka. Dena dela, asko dute oraindik hirugarren munduko horiek kolpegintzan ikasteko; Europan, kasurako, kolpea mahai gainean ematen dute, bestelako uniformedunek eman, ez kalean, eta Estatuak amen esaten du, lekuan leku ofiziala den erlijioa bata edo bestea izanda ere, azkenean amen!. Horra ere udaberriko hauteskundean ohikoa, uholdeak! Balkanetan oraingo honetan. Hau kolpea! urak batu ditu elkarren etsai diren Estatu desberdinetako herritarrak; urek, sarri, zubiek baino gehiago batzen duten seinale. Horra ere lubiziak! Non eta Afganistango mapetan bertan ageri ez zaien bazterreko eskualdestan batean. Kolpea gero! lubizi esatea heriotza barreiatzen duen luiziari!. Amen, hor ere.

Eta beste kolpea ere! Anisakisa! Askoren diskurtsoari itsatsia, itsaskia bailitzan. Arrain freskoaren kontsumoari galga jarri eta prestatutako izoztuarenari bidea emateko diskurtsoa edo. Anisakisa! Kanpainaren irudia! Sasoiko fresko gutxi, poteko izoztu asko. Ama, ama! zenbat lan den sukaldean! Sasoiko eta bertoko gaiekin beti ere!. Hauxe bai kolpea, Estatu bidean!.