Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Etorkinez (II)


Baina nortzuk dira zehazki Sestaoko alkatearen (eta oro har gizartearen parte handi baten) amorrua pizten duten etorkinak? Krimenak kometitzen dituzten horiek, eta ijitoak. Etorkin guztiak ote dira kriminalak? Ez, baina Ezkerraldeko agintariaren (eta oro har gizartearen parte handi baten) ustez, lotura estua dago kriminalitate kasuen igoeraren eta etorkin kopuruaren artean. Hots, krimenak kometitzeko joera handiagoa omen dago etorkinen artean «tokikoen» artean baino. Ijitoen kasua askoz argiagoa da. Ijito izatea da berez kriminala izatea.

Noiz uzten dio etorkinak etorkin izateari? Zenbat urte igaro behar dira kanpotarra tokiko bihur dadin? Hiritartasunak eraginik ote du prozesu horretan? Ijitoen kasuan erantzuna argi dago: ez, ijitoa ez da inoiz tokikoa izango, beti izango da ijito, kanpotar, susmagarri. Nago zuriak ez diren etorkinekin antzeko zerbait gertatzen dela. Izan ere, Euskal Herriko gizarteak zuritzat du bere burua, eta zuria ez denak zaila du euskal herritar bihurtzea, hiritartasuna badu ere. Hiritartasuna ius soli printzipioaren arabera lortzen dute askok Euskal Herrian, hots, bizileku/jaiolekuaren arabera, baina ius sanguinis, odolaren legea, arras barneraturik dago gizartean (Euskal Herrian zein Europako gainerako herrialdeetan), nahiz eta Euskal Herria lurralde anitza den. Baina aniztasun hori apenas ez da errepresentatu tokikoa/kanpokoa kontrajarpena indartzeko izan ez bada. Literaturari begiratu besterik ez dago. Ikuspuntu heterosexual eta maskulinoaren nagusitasuna salatu da maiz, baina behin ere ez dut euskal literaturaren zuritasuna hizpide duen ezer irakurri.