Gora egin nahi duenak hasieratik eman behar du maila
Bihar eguerdian Beasainen jokatuko da aurreneko kanporaketa. Bigarrena, berriz, arratsaldean izango da, 18.30ean Legorretako Harripila kiroldegian.

Gipuzkoako Bigarren Mailako aizkolarien bi kanporaketak jokatuko dira bihar. Goizean Beasainen izango da saioa, eta arratsaldean, berriz, Legorretan jokatuko da norgehiagoka. Bakoitzetik aurreneko hiru sailkatuek lortuko dute final handirako txartela.
Beasainen 13.00etan hasiko da ekinaldia, eta Luix Txapartegi, Jon Irazu, Joxemari Telletxea, Xabier Dorronsoro, Aitor Urteaga eta Eneko Otaño lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu.
Kontuan hartuta sailkatuko direnak hiru izango direla, lana ongi eta hutsik egin gabe egin beharko dute aurrera egin nahi duten aizkolariek. Tartean izen garrantzitsu batzuk badaude eta hori aintzakotzat hartuz gero, garbi dago hiru horien artean Irazuk eta Txapartegik egon beharko luketela. Azkeneko emaitzei begiratuta, berriz, hirugarren txartel horrek Telletxearen eta Otañoren artean egon beharko luke. Hori guztia, ordea, aurretik ikusten dena besterik ez da, horrelako egunetan nerbioek ere zerikusi ikaragarria izaten baitute.
Arratsaldean, berriz, 18.30etik aurrera, Legorretako Harripila kiroldegian jokatuko da bigarren eta azken kanporaketa. Goizekoek egin beharreko lan bera egin beharko dute honako aizkolari hauek: Jexuxmari Mujika, Ugaitz Mugertza, Aratz Mugertza, Xabier Zaldua, Jokin Alkizalete eta Jexuxmari Lasa.
Hemen ere hiru aizkolarik egingo dute aurrera, eta izen garrantzitsu ugari agertzen dira; maila nagusian eskarmentua dutenak ere bat baino gehiago daude. Gauzak espero bezala ateratzen badira, eta aurreko emaitzei begiratuta, bi horien artean Mugertza II.ak eta Mujikak egon beharko lukete. Halere, zeintzuk dauden ikusita, emozio handia izango da alde handirik ez baitago arituko direnen artean.
Goizean Beasaingo saioa ikustera joaten direnek, berriz, aizkolariez gain, Gipuzkoako emakumezko trontzalarien finalarekin gozatzeko aukera ere izango dute.
Urrezko Aizkora
Urrezko Aizkoran ezagutzen dira dagoeneko 23 urtez azpikoetan eta maila nagusian finala jokatuko duten aizkolarien izenak. 19 urtez azpikoetan, berriz, bigarren finalerdia jokatuko da gaur, 19.00etan Murgian.
Larrea III.a eta Etxeberria II.a izango dira aurrez aurre, eta irabazten duenak Vicente II.aren aurka jokatuko du datorren larunbateko finala.
Maila nagusian, Floren Nazabal, Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo arituko dira finalean, eta 23 urtez azpikoen mailan, berriz, Ander Erasun, Ruben Saralegi eta Eneko Otaño.
Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketari Lesakan emango zaio amaiera
Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketari gaur Lesakan jokatuko den saioarekin emango zaio amaiera. Ekinaldia 18.00etan hasiko da.
Gizonezkoak, 300 kilokoan lehiatuko dira; emakumezkoak, berriz, 245ekoan. Gaurkoa bigarren jardunaldia izango da, eta joan den asteko puntuak batuko zaizkie gaurkoei.
Mutiletan, bi multzotan lehiatu ziren taldeak, eta Berriozar eta Beti Gazte B taldeak izan ziren onenak. Nesketan, berriz, lau talde besterik ez dira ari eta multzo batean neurtuko dira. Basaburua-Imotz izan zen talderik onena. Kadeteetan, 285eko mailan ari dira lehiatzen, eta gaur amaituko dute. J.L.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
