Xabier ETXANIZ
HAUR LITERATURA

Arrebaren adorea

Aurretik ere aipatu izan dugu literatura sariek izan dezaketen garrantzia; batzuetan diru gehigarria delako idazle ezagunentzat, beste batzuetan hain ezagunak edo ohikoak ez diren lanak ere argitaratzen laguntzen dutelako, eta bestetzuetan, oraingoan bezala, idazle berriak erakartzeko, plazara ekartzeko balio dutelako.

Ramon Olasagasti ezaguna da euskal kulturan, kazeta lanez gain mendi liburuen inguruan idatzitakoak hor daude, baina inoiz ez du argitaratu -orain arte- fikziozko lanik. «Sugaar» hau dugu, beraz, Olasagastiren lehen ipuina, aurten erabaki den XXXII. Lizardi sariaren irabazle; eta irabazlea zoriontzeaz gain, ezin utzi aipatu gabe epaimahaikide eta babesleen lana, ongi eginiko hautaketa izan baita saritutako idazlan hau.

Ipuina Ekiren gaixoaldiarekin hasten da: «Gabon zahar gauean gertatu zen. Ekiri zornea hasi zitzaion belaunean zeukan zauritik. Ez ordea gesalaren ohiko kolore gorrizta, beltzagoa baizik». Eta mutikoaren gaixoaldi hori azaltzen zaigun bitartean familiako pertsonaien berri ere izango dugu, zeintzuk, nolakoak, haien jokabidea... eta horien artean nabarmen gertatzen zaigun pertsonaia: Izadi, Ekiren arreba, mutikoa baino bost urte helduagoa baina honekin harreman estua, onerako zein txarrerako, duena.

Eki larritu, ospitalean sartu eta zaintza bereziko gunean ere egongo da gaixotasuna ezin dutelako kontrolatu. Izadik, 15 urte bakarrik izan arren, gogotsu ekingo dio nebaren gaixotasunaren jatorria aurkitzeari. Eta bilaketa horri ekiteko mutikoak gauetan, intzirika esaten zuen «Sugaar, Sugaar, utzi bakean» esalditik abiatzen da.

Olasagastik ederki josi ditu Ekiren gaixotasunaren inguruko hari guztiak, denen artean armiarma-sare bat osatuz misterioa argituko duen unea harrapatzeko. Izadik sineskerekin egin beharko du borroka, edo hauen kontra hobeto esanda; aspaldiko gertakariek utzitako gaizki-ulertu eta haserreen kontra; gizakion mendeku sentimenduaren kontra. Neska gazteak aitonaren haritik tira eginda, auzokoen komentarioetatik, bisitatzen dituen baserritarrenetik osatuko du misterioa askatzeko gakoa. Une horretan ere, ipuinean zehar erakutsi bezala, bere nortasun eta izaera islatzen duelarik: «Ustea eta sineskeria, hor da zuen arazoa; deabruak Lindozuloko putzuan ez, zuen barnean bizi direla, eta horiek kanporatu arte ez duzuela bakerik izango».

Erritmo bizia duen kontakizuna dugu «Sugaar», hasieratik gustura irakurtzen den ipuina, eta Ekiren gaixotasunak okerrera egiten duen neurrian Izadiren asmoa ondo bukatzeko esperantza pizten da irakurlearengana. Izan ere, Olasagastik tonu oso egokia lortu du ipuinean, oraina eta antzinako istorioak nahastuz, gaztetxoak eta zaharrak; eta hori guztia misterio puntu batekin eta Bruno Hidalgoren irudi koloretsu eta osagarriekin lagunduta.

Arestian ere aipatu dugu hauxe dela idazlearen lehen ipuina, ondoren etorriko diren beste batzuen lehena izatea espero dugu.