Maider EIZMENDI
MEMORIA HISTORIKOA

Donostian fusilatutakoei ahanzturaren zauria goxatzeko keinua

Tristura malkoak, pozarenak; salaketa hitzak, eskerrak ematekoak; konplizitate keinuak... 36ko gerran fusilatu zituzten donostiarrei «zor zitzaien» omenaldia egin zien atzo Donostiako Udalak. Jakitea eta zauriak ixtea, izan ere, oinarrizkoa da «horrelako historiarik idatzi beharrik izango ez den garai berriak eraikitzeko».

Udaletxearen aurrean jarritako eskulturaren zulotxoetako bakoitzean lore bat ipinita amaitu zen atzo Donostiako Udalak 36ko altxamendu faxistan fusilatuta hil ziren donostiarrei egindako omenaldia. Aurrerantzean udaletxearen parean izango den «Dual» lanak, besteak beste, bide bazterretan edota kanposantuetako hormetan tiroz hildako donostiar guztiak oroituko ditu, haien memoria goratu eta haien istorioak kontatuz.

Minutu batzuk lehenago, Donostiako udaletxeko areto nagusia borborka ari ziren sentimenduen lapiko bilakatu zen, omenduen senitartekoak eta gertukoak emozioak gaindituta agertu baitziren. Adinetik eratorritako mantsotasunarekin eta justiziaren gosetik eratorritako irmotasunarekin igo ziren asko publikoaren txaloen artean Juan Karlos Izagirre alkateak emandako oroigarriak jasotzera.

«Egia jakitea merezi»

«Gertakari bakoitzaren atzean bizipenak daude, garai bakoitzaren atzean egia dago; batzuetan historia liburuetan agertzen dena eta beste batzuetan ezkutatu egiten dena», aipatu zuen Izagirrek omenaldian egin zuen hitzartzean. Herri batek, ordea, «egia jakitea merezi» duela iritzi zion, «bere historia ezagutzen ez duen herria ezjakina baita, bere historia ezagutu eta onartzen ez duen herria, herri zauritua baita».

Bide horretan pausua eman nahi izan dutela nabarmendu zuen Bilduko ordezkariak: «Guk jakin egin nahi dugu, guk zauriak itxi nahi ditugu, horrelako historiarik idatzi beharrik izango ez den garai berriak eraikitzeko».

Ikerlarien, memoriaren alde lan egiten duten elkarteen eta senitartekoen testigantzei esker, ia 400 pertsonako zerrenda bat osatzea lortu dute Donostian, guztiak altxamendu faxistan edota ondorengo diktaduran exekutatuak. Justiziaz ere mintzatu zen Izagirre: «Donostiak aurrez aurre begiratu behar dio gaur atzo baino zerbait justuago irudikatzen dugun etorkizunari». Eta, erronken artean, «handienetakoa», iragana presente izatea dela aipatu zuen Donostiako alkateak, helburua herri honen «bakea eta normalizazioa» lortzea delako.

Senitartekoei eman zien ondoren hitza. Fusilatuen azken orduak kontatzearekin batera, agintariei egin zieten dei, besteak beste, ahazteko eta barkatzeko aholkua egiten dieten horiei: «Nola ahaztuko dugu gure senideen oroimena izan bada izan dugun bakarra? Barkatu? Nori barkatu behar diogu zer gertatu zen eta nork egin zuen ez badakigu? Ezagutzen al dugu ba nire aitonari tiro egin zion pertsona? Barkatzeko beste aldearen aitortza behar da eta hori ez da oraindik orain eman».

Zentzu berean mintzatu zen Marisa Urra Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteko kidea. Lanean jarraitzeko premia nabarmendu zuen 40 urteko diktaduraren eta 35 urteko amnesia instituzionalaren ostean. Oroimen berezia izan zuen, halaber, euren familiak aurrera ateratzearekin batera senarraren heriotzarekin ebatsi nahi izan zizkieten baloreak seme-alabei igortzeko gai izan ziren emakume guztiei. Erreparazio premia aipatu zuen Urrak bere hizketaldia amaitzeko, bai eta orduan gertatu zirenak berriz gerta ez daitezen bermatzeko beharra ere; baina «oraindik orain ez dugu lortu, gertatu zirenak gertatzen jarraitzen dute-eta».