Jon LEUNDA
Aizkora | Gipuzkoako Bigarren Mailako Txapelketa

Faboritoek ez dute maila nagusitik kanpo geratu nahi

Jexuxmari Mujika, Ugaitz Mugertza, Aratz Mugertza, Luix Txapartegi, Jon Irazu eta Eneko Otaño arituko dira uztailaren 5ean Usurbilen jokatuko den finalean.

Faboritoek garbi utzi zuten atzo jokatu zen Gipuzkoako Bigarren Mailako kanporaketan datorren urtean maila nagusian egon nahi dutela, eta gehienek lortu zuten uztailaren 5ean Usurbilen jokatuko den finalean aritzeko txartela. Jexuxmari Mujika, Ugaitz Mugertza, Aratz Mugertza, Luix Txapartegi, Jon Irazu eta Eneko Otaño izan ziren finalean sartu zirenak.

Goizean Beasainen eta arratsaldean Legorretan jokatu ziren kanporaketetan, aizkolariek lan bera egin behar izan zuten. Bi 60 ontzako eta bi kana-erdiko erdibitu behar izan zituzten.

Goizean, Beasainen jokatu zen saioa, eta bertan sei aizkolari lehiatu ziren. Luix Txapartegi eta Jon Irazu ziren finalean sartzeko faborito nagusiak, eta bietako inork ez zuen hutsik egin. Bi horiekin batera, hirugarren txartela Eneko Otañoren eta Telletxearen artean ikusten zen, eta horrelaxe izan zen, baina Beizamakoak lortu zuen azken jardunaldian izateko aukera, eta oso eroso, gainera, Telletxeari minutu eta erdiko tartea kendu baitzion.

Goizeko saioan lehia handia izan zuten Txapartegik eta Irazuk, baina Aizarnakoak aurre hartu zion Zizurkilgoari, nahiz eta biak lortu zuten azken saioan aritzeko txartela. Hirugarren postuan Eneko Otañok amaitu zuen, eta postu hori ez zuen inoiz arriskuan izan. Telletxeak bukatu zuen laugarren, eta azken postuan ez amaitzeko ere borroka handia izan zen, nahiz eta hortik Dorronsorok ihes egin zuen, Urteagari zazpi segundoko tartea kenduta.

Arratsaldean Legorretan jokatu zen kanporaketan, goizean baino denbora hobeak izan ziren. Datu bitxia Mugertza anaiek eman zuten, biek lortu baitzuten Usurbilen aritzeko txartela. Hemen ere sei aizkolari aritu ziren.

Goizean bezalaxe, bi multzotan banatuta neurtu ziren, eta aurrenekoan Mujikak egindako denbora izan zen saioko onena, baita eguneko onena ere. Atzetik Mugertza anaiak sartu ziren. Bigarren zaharrenak amaitu zuen, baina biak izango dute Lehen Mailara igotzeko aukera. Finaletik kanpo, berriz, Xabier Zaldua, Jexuxmari Lasa eta Jokin Alkizalete asteasuarra geratu ziren.

Larrea III.a izan da Urrezko Aizkorako finalera sartu den azkeneko aizkolaria

Julen Larrea izan da Urrezko Aizkorako azkeneko finalista. Bizkaitarrak 19 urtez azpiko txapelketan lortu zuen, atzo Etxeberria II.a mendean hartu ostean.

Murgian jokatu zen azkeneko kanporaketa, eta bizkaitarrak aise hartu zuen mendean nafarra. Hiru proba ezberdin jokatu zituzten. Etxeberria bikain hasi zen, lehen proban, erlojuz kontrakoan, gailendu egin baitzen. 19 segundo atera zizkion Larreari, eta ezin hobeto hasi zen.

Hortik aurrera, ordea, gauzak erabat aldatu ziren. Izan ere, bigarren lanean aurka zuen aldeari buelta eman eta amaieran minutu eta erdiko abantaila lortu zuen Larrea III.ak. J.L.