Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Fiji Women's Pro 2014: Sally Fitzgibbons australiarrak irabazi du itzuliko bosgarren proba

Sally Fitzgibbonsek lortu du garaipena Fijin herrikide duen Stephanie Gilmore menperatu ostean, eta egun rankingeko bigarren postuan da. Carissa Moorek jarraitzen du nesken sailkapenaren buru. Egunotan mutilak arituko dira lehian Fijiko olatu bikainetan.

Munduko surf zirkuitua Tavaruan da egunotan. Nesken goi mailako itzulian bosgarren proba egin berri dute eta bi australiar izan dira finalean. Hiru metroko olatu indartsuetan Sally Fitzgibbonsek irabazi du. Datozen egunetan mutilen artean irabazlea nor den jakin ahal izango dugu.

Fiji uharteak

Fiji Uharteetako Errepublika 332 irla baino gehiagoz osatuta dagoen nazioa da. Melanesian dago, Ozeano Barearen hegoaldean. Nazioa osatzen duten uharteetatik 110 uhartetan ez da inor bizi eta gainontzekoetan barreiatuta 849.000 biztanle inguru bizi direla estimatzen da.

1970. urtera arte kolonia ingelesa izan zen Fiji, eta 1987ko irailean errepublika ezarri zuten. Ordutik, hizkuntza ofizialak ingelesa, fijiera eta hindustanera dira. Azken hori, batez ere indiar jatorriko biztanleek hitz egiten dute.

Fiji uharteetako hiriburua, Viti Levu irlan kokatutako Suva hiria da. Irla hori da, Vanua Levu izenekoarekin batera, azalera handiena duen uhartea. Viti Levu irlatik gertu Tavarua irla dago. Irla txikia da, 120.000 metroko azalera duena. Orain gutxi arte jabego pribatua zuen, baina 2010eko uztailean lurzoruaren legedia aldatu zen Fijin, eta ordutik posible da bertan surf egitea.

2012. urteko ASP zirkuituan Fiji atxiki zuten eta ordutik goi mailako lehiakideen txapelketa kutunetako bat da, izan ere, bertako olatuen kalitatea paregabea da. Kontuan hartu behar da debeku legediaren aurretik munduko txapelketa egiten zela bertan. 1999 eta 2008 bitartean ia urtero egiten zen txapelketa zen Fijikoa (2007an eta 2001ean ez zen txapelketarik izan).

Restaurants eta Cloudbreak dira Tavaruako olatu ezagunenak. Koralezko uharteetan ohikoa den moduan, Tavaruan ere olatuak hondartzatik oso urrun lehertzen dira, kanpoaldeko arrezifeetan, eta, ondorioz, bertaratzeko ia modu bakarra ontzian joatea izaten da.

Hiru faboritoak

Nesken munduko zirkuituan (Women's World Championship Tour) hiru dira momentu honetan aipatu beharreko lehiakideak. Lehenengoa Carissa Moore da, ranking orokorrean lehen postuan aurkitzen den lehiakidea. Bigarrena, Stephanie Gilmore dugu, ranking orokorrean hirugarren postuan egon arren esperientzia gehien duen lehiakidea. Eta azkenik, Sally Fitzgibbons dago, Fijin irabazi ostean ranking orokorrean bigarren postuan dena eta aurtengo faborito nagusienetakoa.

Carissa Moore 22 urteko surflari hawaiiarra da eta bi bider izan da munduko txapelduna (2001ean eta 2013an). Aurten jada bi txapelketa irabazi ditu, biak Australian, bata Margaret Riverren eta bestea Bel's Beachen. Aurtengo itzulian eskuratu duen emaitzarik txarrena Fijin lortu du, izan ere, bosgarren postuan geratu da.

Stephanie Gilmore, berriz, lehiakide beteranoa da 26 urte bakarrik izan arren. Munduko titulua bost bider eskuratu du jada australiar honek (2007an, 2008an, 2009an, 2010ean eta 2012an), eta aurten ere oso indartsu hasi zuen sasoia, izan ere, 2014ko lehen txapelketa berak irabazi zuen Gold Coasten.

Sally Fitzgibonnsek egun 24 urte ditu eta oraindik ez du munduko titulurik eskuratu, baina aurten lortzen ari den emaitzei erreparatuz gero eta daukan potentziala ikusita 2014ko koroa irabazteko aukera asko ditu. Carissa Moorek bezala, aurtengoan izan duen emaitzarik txarrena bosgarren postua izan da, beraz, bikain ari da, eta gainera itzuliko azken bi txapelketak berak irabazi ditu (Rio de Janeiro eta Fiji).

Sally Fitzgibbons

Nesken munduko itzuliko azken txapelketan sekulako baldintzak izan dira; haizeak, olatuek eta giroak orokorrean lagundu dutela esan daiteke. Proba gogorra izan da neskentzat, asko ohituta ez dauden tamainako olatuetan aritu dira lehian eta hori agerian geratu da, izan ere, zenbait lehiakide apur bat beldurtuta ari zirela ikus zitekeen.

Ausartenek egin zuten aurrera eta txandak pasa ahala itsaskiak berak ere gora egin zuen. Finalean, hiru metrotik gorako olatuak izan ziren eta bi australiar aritu ziren buruz buru, Stephanie Gilmore eta Sally Fitzgibbons. Biak bikain aritu ziren txapelketa osoan zehar, puntuazio altuenak jaso zituzten eta tubo onenak ere beraiek egin zituzten.

Aurreko txandetan baino zorrotzago aritu ziren epaileak finalean, izan ere, sekulako tuboa egin arren sei puntu baino ez zizkioten eman Sallyri. Epaileek haien onena ematera bultzatu nahi zituzten bi lehiakideak eta lortu zuten, izan ere, sekulako maila erakutsi zuten bi surflariek eta ikuskizun ederra eskaini zuten.

Azkenean, gutxigatik baina Fitzgibbons gailendu zen, garaipena eskuratuz. Honela mintzatu zen australiarra: «Garaipen bat bestearen atzetik lortzen ari naiz. Rio de Janeiron hondartzako olatu bihurrietan irabazi nuen eta orain arrezifeko olatu bortitzetan irabazi dut. Horrek sekulako konfiantza ematen dit aurrera egiteko».

Aste honetan mutilen WCT itzuliko proba ere egiten ari dira leku berean, beraz, laster berriak izango dira mutilen ASPko zirkuituan. Bitartean, neskak AEBetara begira daude, Huntignton Beachera, han izango baita WWCT itzuliko hurrengo proba, uztailaren 27tik abuztuaren 3ra bitartean.