JOSEBE EGIA
ZIRIKAZAN

Gidoiaren politika

Behin Europarako hauteskundeak igarota, emaitzek utzi dituzten ustekabeetan eta danbadetan murgilduta gauden honetan -zertxobait itxaropentsuago batzuk eta larrituta eta salbazio-bide bila beste batzuk-, zinez interesgarria iruditzen zait politikari eta politikariei buruzko berriak nonahi irentsiz subjektu horien jarrerak eta jokabideak behatzea.

Nola saiatzen diren batzuk ondorioei garrantzia kentzen, edo nola egiten duten, zuzenean, ezikusiarena, autokritikarako gaitasunik eza argi eta garbi erakutsita; nola hartzen duten beste batzuek joateko erabakia, nolabaiteko duintasun minimoari eustearren, edo beren alderdiak larrutua ez izatearren; nola sartzen diren beste batzuk bat-batean lohiaren pare dabilen eszena politikoan, hastapen orok berezko duen indar eta, zertan uka, xalotasun horrekin, jende askoren babesa jaso izanak motibatuta; batzuen eta besteen aurpegiak, mintzatzeko doinuak eta gorputz-jarrerak. Kitzikagarria.

Eta adierazpenak, batik bat. Kezkagarria suertatzen da behatzea politikaren munduan zer-nolako garrantzia izaten duen gidoiak. Alderdi bateko kideek, berdin-berdin aktoreek lez, buruz ikasi eta natural botatzeraino barneratu beharreko gidoi hori. Garaian garaiari eta horietako bakoitzaren ezaugarriei egokituta, unean-unean politikoki, hain zuzen ere, egokia denetik zipitzik urrundu gabe, bere egin behar dute gidoia, alderdiak eta, bide batez, norberak arrakasta erdietsiko badute, alegia, boterera iritsiko badira.

Gidoiari hertsiki lotzea, baina, kosta egiten da; ahalegin handia eskatzen du benetan, barrenean, idatzitakoa sinesten ez denean. Orduan, gertatzen da tarteka gidoitik aldendu, egoeraren berotasunean edo, eta nor bere pentsamenduaren arabera hitz egiten hasten dela bat, emozioz, ezkutatzekorik ez duenaren jarreraz. Hori gertatu zitzaion Alderdi Popularraren hautagaiari, Cañete jaunari, kanpainan. Ezin izan ziola eutsi emakumezko lehiakidea, emakumea zelako, gutxiesteari, paternalismo zaharkitu bezain auzo-lotsa- garriz; bere alderdiak bezala erroraino itsatsita daukan matxismoak ihes egin ziola, ezkutatu beharra dutela une batez ahazturik. Ondoren, ika-mika, hautagaiaren isiltasuna eta bere alderdiak antolaturiko ezkutaketa, barkamen eskaera epela -behartua, esan nahi da- eta kito, besterik ez. Hori ere badelako egungo politika arduragabearen gidoiaren zati ere. Gurean, Sestaoko alkateari Lehendakariak barkatu egin dizkio arrazismo hutsa besterik adierazten ez duten adierazpenak, eta hor segitzen du, berriz gidoira ekarrita; beste batzuei misoginia, homofobia, xenofobia, gezurra, ustelkeria, diru-gosea... barkatu izan zaizkien bezala. Ageri-agerian, ondoriorik gabe.

Geure jendartearen norabidea markatzen duten politikariak behatzea, eta zorrozki egitea, denbora-pasa baino geure eginkizuna da, herritarrona. Geure burua gidoiak irensteari abandonatu ez eta, hitzei baino, gauzatzen diren jokabideei erreparatu behar diegu, eta, badagokio, kontuak eskatu, salatu eta zigortu. Aktorez gainezka dagoen jardun politikoan, inprobisazioan ere berdintasun eta justiziazko politika egingo duten gizon-emakumeak espero baditugu.