Maider EIZMENDI

Gladys del Estalen borroka gogoan, bere heriotzaren 35. urteurrenean

Ez dute inoiz ahaztu, «bizilaguna, laguna eta kidea» zutelako. Gizarteari ere ez ahazteko eskatu diote, «biktimez horrenbeste hitz egiten den garaian» Gladys del Estal nola hil zen eta bere heriotza zigorgabe geratu zela oroitu beharra dagoelako. Nola ez, Gladysen borroka ere izan zuten gogoan, are gehiago Garoña berriz martxan jartzeko asmoak energia nuklearraren aurkako mugimenduaren beharra berretsi duenean. Oroimen eta aldarria, Gladysen heriotzaren 35. urteurrenean bat eginik.

Bizilagun eta lagunen artean ez du eta ez du izango beste izenik, baina ofizialki ez da horrela, eta, horregatik, urtero-urtero, Cristina Enea parkearen atean kokatutako kartela eraldatzen dute. «Cristina» jartzen duen tokian «Gladys» jarri eta abiatu zuten atzokoan ere Gladys del Estalen heriotzaren urteurrena oroitzeko ekitaldia. Egiako bizilaguna 1979ko ekainaren 3an hil zen Tuteran, energia nuklearraren aurkako protesta baketsu batean guardia zibilaren tiro bat jaso ostean.

Eguzkiko kide Martin Ansok ekitaldia abiatu aurretik adierazi zuenez, Gladys del Estal «kidea, bizilaguna eta laguna» izanik, urteak pasa izanagatik, hura oroitzea oinarrizko zaie. Herritar eta lagunek ez ezik, gizarteak ere oroitu behar duela nabarmendu zuen, ezin duelako ahantzi zein modutan hil zuten Gladys eta hilketa hura zigorgabe geratu zela; izan ere, buruan tiro egin zion guardia zibilari, Jose Martinez Salasi, 18 hilabeteko zigor arina ezarri zioten eta ez zen espetxean sartu.

«Biktima guztiez hitz egin»

Ansoren hitzetan,«biktimez horrenbeste hitz egiten den garai honetan, biktima guztiez hitz egitea beharrezkoa da»; baina, tamalez, «Gladys bigarren mailako biktima gisa hartuak diren talde horietakoa da».

Gladysen irudia gogora ekartzeak, bere borroka ere goratzen du, are gehiago, «zoritxarrez energia nuklearraren aurkako borroka bizirik» dagoen garai hauetan. Eguzkiko kideak nabarmendu zuenez, «Gladys eta hura bezalako beste batzuen borrokari esker, herriari mehatxu egiten zieten zentralak, Debakoa, Ispasterrekoa, Tuterakoa eta Lemoizekoa baztertzea lortu zen», baina, «energia nuklearrari atea itxi bazitzaion ere, leihotik sartzen jarraitu du Garoñaren erruz».

Trikitilariek lagunduta oroimen ekitaldira bertaratutako lagunak kalejiran joan ziren parkean barna, Gladysen omenez jarritako monolitora. Bertan loreak jarrita, omenduaren lagunek hartu zuten hitza; Gladys «mundu osoko mugimendu antinuklearraren sinbolo eta irudi» bilakatu bada ere, «gertuko pertsona, helduen irakaskuntzan aritzen zen laguna eta auzoko talde ekologistako kide gisa» gogoratu zuten.

Venezuelan errefuxiatutako gurasoen alaba, lagunek ozen nabarmendu zuten Gladysen heriotza salatzeko batean eta bestean egin ziren protesta ekitaldi jendetsuak, bai eta orduz geroztik egin diren oroimen ekitaldi ugariak ere: «Gure memoriatik Gladys pertsona eta sinboloa ezabatzen bada ez da inoren errua izango, gurea baizik; horregatik, guretzat eta ingurugiroaren defentsan arituko diren hurrengo belaunaldientzat ere esparru honek Gladys-Enea izena izango du betiko».

Ildo berean mintzatu zen Eguzkiko eledun Juan Mari Beldarrain, Beltza, «Gladysen oroimena gogoratzen eta Garoña berriz ere inoiz martxan jarri ez dadin eskatzen» jarraituko dutela aldarrikatu zuenean.

«Ospatuko dugu eraispena»

Ildo horretan, gogor salatu zuen Garoñako zentral nuklearraren behin betiko itxiera eta haren eraispena oraindik orain egikaritu ez izana, baina berandu baino lehen zentralaren «itxiera eta eraispen behin betikoa ospatuko» dituzten ziurtasuna agertu zuen.

Bien bitartean, mobilizatzen jarraitzeko beharra aldarrikatu zuen eta pausu berriak emateko aukera aipatu zuen Beldarrainek: «Lehen pausu gisa gonbit egiten dizuegu zuen ordainagirietan kontratatua duzuen potentzia aztertzeko eta hura murrizteko; batetik, aurrezteko, eta, batez ere, Iberdrolari eskaintzen ez digun zerbitzu batengatik diru gutxiago ordaintzeko». Enpresa elektrikoek, bere iritziz, herritarren gaitzespena nozitu behar dute argi eta garbi.

Ekitaldiaren amaieran Donostiako Udalak Gladys del Esnalen oroimenean jarritako plaka bat estalgabetu zuen Felix Soto energia nuklearraren kontrako mugimenduko aktibista beteranoak, bildutakoen txalo artean.