Estatuko zein nazioarteko botere ekonomikoa, erregeari esker onez
Ohiko diplomaziaz haragokoak izan ziren hainbat nazioarteko agintarik zein botere ekonomikoaren ordezkarik Erregetza utzitakoan Juan Carlos I.ari egindako laudorioak. Lehenengoen artean, aipagarriak Angela Merkel eta Jose Manuel Durao Barrosorenak; bigarren taldeari dagokionez, Emilio Botin eta Esther Alcocer Koplowitzenak.
Troikak Estatu espainolean ezarritako ildoa ordezkatzen dute Merkelek zein Durao Barrosok. Honek hunkituta sentitzen dela esan zuen, albistea jaso bezain pronto. «Europarzaletasunaren defendatzaile sutsua eta Espainiaren modernitatearen bultzatzailea izan da. Bera gabe ezin izango zen egungo Espainia ulertu. Nire izenean eta Europako Batzordearen izenean nire miresmen handia adierazi nahi diot», esan zuen oraindik ere EBko presidente denak.
Merkelek «ikaragarri garrantzitsutzat» jo zuen Borboikoak Estatu espainolaren eta Alemaniaren arteko harremana sustatzeko egin duen lana. «Horregatik, beti oso positiboki baloratuko dut», erantsi zuen kantzillerrak. Erregea izandakoarekin burutu dituen elkarrizketak beti «oso sakonak eta oso eraikitzaileak izan dira», ziurtatu zuen.
Madrilen, adibide gisa Banco Santanderreko presidente den Emilio Botinek «errespetu eta esker on sakonena» adierazi zion Juan Carlos I.a izandakoari. «Espainiarren arteko elkarbizitza, demokraziaren berreskurapena eta gure ekonomikoaren nazioartekotzea» berak lortu dituela esan zuen.
FCCko Esther Alcocer Koplowitzek bere enpresaren hedapenean laguntzeagatik eskerrak eman zizkion Borboikoari, eta bere ondorengoari «leialtasun osoa» eskaini zion.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
